-
Administrazio elektronikoaren ezarpenarekin batera, eraginkorragoak eta gardenagoak izateko helburuarekin, Tolosako Udalbatzak udaleko kideen informazio publikorako eskubidea arautzen duen erregelamendua onartu du
-
Aurrerantzean, eta lehen aldiz Tolosako Udalean, udal zinegotzi guztiek, gobernuko zein oposizioko kideek, udaleko espediente guztiak kontsultatzeko aukera izango dute
Atzo arratsaldean ospatutako Osoko Bilkuran udaleko kideen informazio publikoko eskubidea arautzen duen erregelamendua onartu zen. Gardentasun eta gobernu onaren printzipioei jarraituta udalbatza osatzen duten zinegotzi guztien informazio eskubideak bermatu eta arautzeko helburuarekin sortu da araudi berria.
Udala eraldaketa prozesu erabakigarri batean murgilduta dago egitura berria txertatu da eta ia erabat ezarria dago administrazio elektronikoa: erregistro elektronikoa guztiz operatibo dago, udal espediente ia gehienak elektroniko kudeatzen dira jada, jakinarazpen elektronikoak errealitate bat dira eta epe laburrean sinadura elektronikoa ere ezarriko da.
Eraldaketa prozesu horren baitan kokatuta dago, hain zuzen ere, araudi berria, eguneroko jardunean eraginkorragoak eta gardenagoak izateko helburuarekin sortua izan dena. Izan ere, erregelamendu berri honen bitartez, gobernuko kide ez diren korporazioko zinegotziek informazio guztia eskura izango dute eta espedienteak kontsultatzeko aukera izango dute, fisikoki zein telematikoki. Erregelamenduak halaber, informazio eskaeren prozedurak eta txostenak egiteko eskariak zein eratan egin behar diren eta eskariei zein epetan erantzuna eman behar zaien zehazten du.
Atzokoan, Udalaren diru laguntzen 2020-2022 Plan Estrategikoa ere onartu zen. Plan hau kudeaketarako tresna bat da, urteko aurrekontuetan aurreikusi eta jaso beharreko eta herritarrei eskainitako diru laguntza guztiak zerrendatzen ditu. Departamentu ezberdinekin elkarlanean garatu da eta diru laguntzen jarraipen eta ebaluazioa egiteko ere balio du. Udalak deialdi bateratua egiteko asmoa du, beste hainbat herritan egiten den moduan eta horien tramitaziorako laguntza zerbitzuak indartzea ere aurreikusten da. Abenduan herriko talde, eragile eta norbanakoei diru laguntzen inguruako ikastaroa eskaini zitzaien eta Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan ere proiektuak nola prestatu eta diru laguntza eskaerak nola aurkeztu azaltzeko ikastaroa antolatu da dela.
Emakumeen Naziaorteko Egunaren inguruko mozioa, aho batez
Tolosako udalak atzokoan hartutako konpromisoen artean daude:
-
Jarraitzea estrategia garatzen, genero-ikuspegia zeharkakotasunez txertatzeko udal politikan, programa eta proiektuetan.
-
Tolosako Jabetze Eskolaren bitartez, balioen transmisioa azpimarratzea, bai kultura-aldaketak sustatzeko, berdintasunezko gizartea lortze aldera, bai emakumeen ahalduntze banakakoa eta kolektiboa sustatzeko.
-
Jarraitzea Tolosaldeko Emakumeen Etxearen proiektua garatzen, eta konpromisoa hartzea proiektu arkitektonikoa, obra eta beharrezko azpiegiturak lehenbailehen egikaritzeko eta etxearen mamia osatzeko baliabideak emateko, proiektuan parte hartzen ari diren emakumeei, horrela, 2021eko udazkenerako etxea inauguratuta eta martxa hartuta egotea ahalbideratzeko.
-
Tokiko jardueretan, aurrera egitea indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko printzipioaren aplikazioan.
-
Urratsak ematen jarraitzea aniztasun eta askatasun sexuala jendartearen esparru orotan gauzatua izan dadin, eta paradigma sexuala (hetero-araua) aldatzeko.
Herritarrei M8 egitarauaren baitan antolatutako ekintza eta jardueretan modu antolatuan parte hartzeko dei eta gonbita ere luzatu zieten udalbatzako kideek herritarrei.
Era berean, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zeneko 44, urteurrenari buruzkoa mozioak ere aurrera egin zuen, aldiz, Gipuzkoako Senideak elkartearen ingurukoak ez.
Atzoko plenoan jorratu eta onartutako beste puntu batzuk: 2018ko Udal Sektore Publikoen Kontu Orokorra, hasierako onarpena ematea Tolosako hirigintza katalogoa aldatzeko prozesuari eta hasierako onarpena ematea Soldatu 8 eraikinaren atzealdean udal honek duen zatia soberako lurzati deklaratzeko espedienteari.