Hasierako onespena, Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun Ordenantzari

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/10/29 | Idazkaritza
  • Era berean, atzoko osoko bilkuran, behin betikoz onartu zen Tolosako hiri-ekonomia indarberritzeko eta beharreizan berriei erantzuteko dirulaguntza programa.

 

Atzo ospatu zen urriko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen hasierako onarpena ematea Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun Ordenantzari.

Urtarrilean abiatu zen ordenantza garatzeko prozesua. Denbora guzti honetan, herritarrek, udal sail ezberdinek eta alderdi politiko guztiek parte hartu dute prozesuan. Zeharkakotasunez eta maila tekniko zein politikoan landutako dokumentua izan da.

Talde eragilea eta operatiboa osatu dira koordinazio eta jarraipenerako. Politikarien mahaia ere osatu da eta berdintasun ikuspegitik ere ordenantza lantzeko, berariazko mahaia osatu da. Izan ere, ordenantzak berrikuntza nabari batzuk ditu, zehazki: genero inpaktuaren aurre ebaluaketa eta lankidetza publiko-komunitarioaren eta formakuntzaren lan lerroa.

Ordenantza berriak zerbitzuak eta prozesuak arautuko ditu, zehazki, 3 alorretan:

  • Gardentasuna

Herritarren eskubide eta betebeharrak eta udalarenak jasotzen dira atal honetan eta baita herritarrak udalarekin harremantzeko dituzten bideak ere.

  • Partaidetza

Herritarren eskubide eta aukerak zehazten dira; herri kontsultak eta partaidetza prozesuak egiteko baldintzak arautu eta parte hartzeko bideak eta guneak definitu.

  • Komunitatearen garapena

Herritarren ahalduntzerako eta formakuntzarako tresnak eta egitasmoak jaso dira; baita ere herriko elkarte sarea sustatzeko bideak ere, lankidetza publiko-komunitarioa sustatu eta elkarlanean, aliantzatik, herriak etorkizunera begira dituen erronkei aurre egiteko.

Jendaurrean jarriko da orain ordenantza, ondoren, behin betikoz onartu ahal izateko.

Hiri-ekonomia indarberritzeko ordenantza behin betikoz onartuta

Beharrizan berriei erantzuteko eta hiri-ekonomia osatzen duten sektoreek (merkataritza, ostalaritza, turismoa, zerbitzuak...) dituzten erronkei aurre egiten laguntzeko berritutako ordenantza, behin betikoz onartuta geratu zen atzoko Osoko Bilkuran.

Ordenantza berriaren bitartez ekintzailetza eta negozio berrien irekiera, negozioen arteko eskualdaketa eta merkataritza establezimenduen erakargarritasuna sustatu nahi dira.

3 atal nagusi ditu ordenantzak: BERRIZ programa, EKIN programa eta GUNE BIZIAK programa. Txertatu diren aldaketa nagusiak dira: dirulaguntza alokairu eta erosketa gastuetarako ematea eta dirulaguntzaren ordainketa 3 hilez behin egitea ekintzaileek likidezia izan dezaten. Halaber, Alde Zaharra bereziki babestuko da dirulaguntzak ematerako orduan, bultzada berezia emate aldera hirigune historikoari. Orotara, 115.7000 euro bideratu dira programa horietara.

Ordenantza onartuta, Boletinean argitaratzean egingo da deialdia.

Dirulaguntzak aizkolari txapelketarako eta Paper Eskolako laborategiaren proiekturako

Azaroaren 28an, Euskadiko Aizkolari txapelketa Tolosan ospatzeko Euskadiko Herri Kirol Federazioari dirulaguntza emango dio Udalak.

Era berean, Paper Eskolako Lanbide Heziketaren berrikuntza sustatzeko eta laborategiaren proiektuari bultzada emateko ere dirulaguntza emango da. Horretarako, kreditu aldaketak egitea, dirulaguntzen eranskinak aldatzea eta 2020-2022 dirulaguntzen plan estrategikoan beharrezkoak diren aldaketak egitea onartu zen atzoko Osoko Bilkuran.

Amaitzeko, Gipuzkoako Taxisten Elkarteak, 2022 urterako aurkeztutako tarifen proposamena onartu zen (%2ko igoera) eta Ertzaintza eta udaltzaingoa elkarlanean aritzeko lankidetza hitzarmena berritzea ere bai. Olatz Artola (EH Bildu) zinegotziaren kardu uztearen berri eman zen eta azkenik, Energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean hartzeko neurrien inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioa eta Migrazioarako Euskal Itun Sozilari buruzko mozioak jorratu ziren. Lehena ez zen aurrera atera eta bigarrena aho batez onartu zen.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA