Memoriaren Egunaren harira, adierazpen instituzionala eta lore-eskaintza egin ditu Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/11/10 | Idazkaritza

Memoria eguneko Tolosako Udalaren adierazpen instituzional bateratua:

 

2010. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzak, azaroak 10 honetan, "Memoriaren Eguna" ospatzeko gonbitea egiten digu euskal erakundeoi. Horixe da gure gertuko historiaren egutegian motibazio politikozko indarkeriak eragindako heriotzarik gertatu ez den egun gutxietako bat. Udal korporazio honek, data hau aprobetxatu nahi du alde batetik, Tolosako herritar guztiei, batez ere belaunaldi berriei, gonbite bera egiteko, hau da, gure gizarteak azken urteetan jasandako indarkeriaren eta heriotzaren historia ezagutzeko eta ez ahazteko bestetik.

Gertuko iragan mingarri eta gogor horretan, gaurkoan bereziki, Tolosan eraildako pertsonak edo Tolosatik kanpo eraildako tolosarrak gogoratu nahi ditugu. Horietatik 22 ETAren adar ezberdinek eta CCAA erail zituzten eta beste laurak, Estatuko segurtasun-indarrek eta haien ingurukoek (GAL, BVE). Bestalde, ezin ahaztu auto istripuz kartzelara zihoazela hil ziren Tolosako presoen hiru senitartekoak, horiek ere biktimak baitira.

Hildakoaz gain, oinarrizko giza eskubideen urraketak jasan dituzten beste biktima guztiak ere ez ditugu ahaztu nahi gaurko egunean. Horrenbeste biktima eragin dituen indarkeria bidegabea izan dela aitortu nahi dugu eta biktima guztiei gure elkartasuna eta hurbiltasuna adieraztearekin batera, egia, justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzen dugu biktima guztientzat.

Memoriarekin dugun hitzordu honek elkarrizketa plurala eta inoiz errepikatu behar ez den iraganari buruzko hausnarketa kritikoa sustatzeko balio dezan nahi dugu. Ideien aniztasunarekiko, printzipio demokratikoekiko eta giza eskubideen defentsarekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza ezartzeko borondate eraikitzailea partekatuz.

Horregatik guztiagatik esaten dugu:

- Bizitza, giza duintasuna eta giza eskubideak beste edozein kausa, ideia politiko edo estatu-arrazoiren gainetik egon behar dutela, eta beti errespetatu behar direla.

- Elkarri entzutea eta biktima guztiek izandako min, sufrimendu eta bizipen guztiak aitortzea dira gure gizartean eman ziren urruntzeak gainditzeko abiapuntua.

- Indarkeria adierazpenak eta giza eskubideen urraketak ez dira inoiz gehiago gure artean gertatu eta justifikatu behar.

- Giza eskubideak urratzen dituen edozein ekintzak Tolosako Udal ordezkarion erabateko oposizioa izango du

- Euskadiren oraina eta etorkizuna bide baketsu eta demokratikoetan oinarritzea nahi dugu, pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatuz. Horixe da bizikidetza aske eta baketsuaren formula eraikitzaile bakarra.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA