- Gai ugari jorratu dira maiatzeko osoko bilkuran: kale garbiketako edota kirol instalazioen kudeaketarako esleipenak, ondarearen udal-katalogoaren behin betiko onarpena, prezio publikoak, lan arloko hitzarmen osagarriak, kreditu aldaketak edota aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa, besteak beste. Jarraian, hartutako erabaki nagusiak.
Kale garbiketako lizitazio berria, martxan
Tolosako kaleak garbitzeko zerbitzu-kontratuaren espedientea onartu eta lizitazioari hasiera eman dio udalbatzak, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin da.
Estolderiako sareten garbiketan enfasi gehiago jarriko da aurrera begira, hainbat puntutan arazoak antzeman direlako. Azoka berezi edota auzoko jaien bueltako garbiketa lanen zehaztapenak ere eguneratu dira, azken urteetako aldaketei egokitzeko.
Zerbitzuari berari eragiten ez dioten beste bi aldaketa ere izango dira aurreko kontratuarekin alderatuta. Esate baterako, aurrerantzean auditoretza udalak egingo du, kanpo aholkularitza baten bidez, enpresa emakidadunak beharrean. Kontratuaren iraupenari dagokionez ere, 2 urterako kontratua izango da oraingoa, beste bi urtez, urtez urte, luzatzeko aukerarekin. Orotara 6,9 milioi euro bideratuko ditu udalak, 1,7 milioi pasatxo urtean.
Kiroldegiko esleipena, bertan behera
Pasa den astean aurreratu bezala, kirol instalazioen kudeaketarako esleipen prozesu berria hasiko du udalak, KEAOk oinarrien aurka jarritako bi helegiteak partzialki onartu eta gero. Osoko bilkuran zerbitzu-kontratuaren lizitazioa bertan behera uztea erabaki zen, aho batez. Oinarrietan aldaketak egin, eta ekainaren erdialdean ezohiko osoko bilkura egitea da aurreikuspena, esleipen berriko pleguak onartu eta prozesua martxan jartzeko.
Lan hitzarmena Udal Txistulari Bandarentzat
Lan esparruko beste bi erabaki ere hartu ditu udalbatzak, aho batez: batetik, Udal Txistulari Bandaren funtzionamendua arautzen duen lan hitzarmen osagarria. 2008ko urrian onartu zen udaleko lan baldintzak erregulatzen dituen Udalhitz hitzarmena, baina ez du txistularien inguruko atal propiorik. Horregatik urteko egutegian dituzten berezitasunak kontuan hartuta lan baldintzak zehaztu dira orain.
Bestalde, lanaldi partziala duten udal langileek, norbere zereginetarako lizentzia egunak hartzeko modua arautzen duen hitzarmen osagarria ere onartu da. Bi kasuetan, udal gobernuaren eta ordezkari sindikalen negoziazio mahaian adostasuna egon da.
Udal-katalogoaren aldaketa, behin betikoz onartuta
Tolosako HAPOan jasota dagoen ondarearen udal-katalogoaren aldaketari behin betiko onespena eman dio udalbatzak, gehiengoz, eta, modu horretara, Villa Sagrado Corazon eraikina babestuko da.
Hasierako onespenaren ondotik aurkeztutako bi alegazioen puntu bana onartu da. Hori dela eta, inguruko etxebizitzetako jabekideen erkidegoak garapen honen interesduntzat hartu dira. Modu horretara, espedientearen berri izaten ari dira uneoro, eta ondorengo ekintza administratiboen informazioa ere eskura izango dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren erantzunak ere jaso dira bitarte honetan. Aldundiak, besteak beste, gomendatu du eraikinaren fitxa bat egitea. Udalak badu asmoa ondarearen udal-katalogoa osatzeko prozedura berria martxan jartzeko, eta hor osatuko dira eraikin bakoitzaren fitxak, Villa Sagrado Corazon etxearena barne.
Eusko Jaurlaritzak udalak emandako urratsa begi onez ikusi du. Eraikinaren maila ertaineko babesa proposatzen du, eta horri lotuta, ondarearen udal-katalogoan sartzea eta babestea, nabarmendu beharreko egitasmoa dela azpimarratu du.
Prezio publikoak
2024-2025 ikasturteko prezio publikoak ere onartu ditu udalbatzak, aho batez. Aitzol Udal Euskaltegiko, Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako eta Kultur tailerreko ikastaroen prezioak KPIaren arabera eguneratuko dira (%3,25).
Euskaltegiaren kasuan, prezioak ezartzeko modua ere aldatuko da, emaitza bera izango den arren. Iraupenaren araberako prezioak jarri ordez, ordukako prezioak ezarriko dira. Hala, aurrez aurreko eskolen kasuetarako prezio publikoa orduko 1,35 eurokoa izango da; 2,42 eurokoa autoikaskuntzarena, eta jardun bikoarena 1,89 eurokoa.
Prezio publikoen eranskin berrien sorrera ere onartu da, hala nola, 16-35 urte bitartekoen ikastaroetarako –20 euro–, 15-18 urte bitarteko gazte auzolandegi itxietarako –astebeteko egonaldirako 120€–, eta Jabetze Eskolako ikastaroetarako –ordukako tarifan–.
Kreditu aldaketak
1.405.873.11 euroko kreditu aldaketa ere onartu du udalbatzak, adostasun osoz. Inbertsio nagusienen artean, esaterako, honako hauek daude:
-
Oiarbide inguruko obrak egiteko 290.000 euro. Kreditua 2022koa zenez, ezin zen iazko aurrekontutik txertatu.
-
Santa Lutziako baratze gunean dagoen eraikina zaharberritzeko 225.000 euro.
-
Larramendi 1eko horma berritzeko 55.000 euro.
-
Izaskungo bidean lur jausiak saihesteko horma egonkortzeko obrarako 50.000 euro.
-
Zumardiaundiaren alboan, Idoiaga-San Inazio bidegurutzean urbanizazio obra egiteko 40.000 euro, aurretik dauden beste 70.000 euroei gehituko zaizkienak.
Bestalde, gizarte larrialdietarako laguntzetarako Jaurlaritzak egiten duen transferentzia, aurreikusi baino handiagoa izan da: 260.000 euroko sarrera beharrean, 288.556.89 euro jasoko ditu udalak, eta aurrekontu hori ere txertatu da kreditu gaikuntza bidez.
Iazko aurrekontutik txertatutako 1,8 milioi euroko 2/2024 kreditu aldaketaren berri ere eman da osoko bilkuran. Gehienak, 1,36 inbertsioen atalari dagozkio. Besteak beste, haur parkeak berritzeko, Abastos eraikinean konponketa lanetarako, Zutani elkartearen lokal berrirako, Zerkausiko argiterirako, Emeterio Arreseko goiko solairua atontzeko, Arrameleko lokalaren erosketarako, Musika Eskolako gelen insonorizaziorako, edota Barrena-Beotibar-Antonio Lekuona kaleak berritzeko partidak jasotzen ditu.
Likidazioa: aurrekontuaren eta inbertsioen exekuzio mailak gora egin du
2023ko aurrekontuaren likidazioaren berri ere eman da osoko bilkuran. Iazko behin betiko aurrekontua 43.549.000 eurokoa izan zen, eta betetze edo exekuzio maila %73koa izan da, 2022koa baino sei puntu altuagoa. Inbertsioen kasuan, 14 puntu igo da: %35 bete ziren 2022an, eta %49 2023an. 22 milioiko gerakinak ditu udalak une honetan. Ohikoa denez, uztaileko osoko bilkuran emango dira likidazioaren inguruko xehetasunak sakonago.