“Lizarren Basoa” izeneko gunea sortuko dute ostegunean egingo den Zuhaitz Egunean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/03/03 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Landaketa Larramendi auzoko haur parkearen inguruan izango da. Iaz bertan jarritako Bordon dantzari eskainitako monolitoaren inguruan 20 lizar landatuko dira. Hala, San Joan egunean goizean goiz kaleak apaintzeko jartzen diren Lizarrei herrian bertan gune fisiko bat emango zaie.

  • Herrikide ikastetxeko 5. mailako ikasleak arduratuko dira aurten landaketa egiteaz. Haurren artean biodibertsitatearen aldeko ekintzak sustatzea eta zuhaitz, baso eta berdeguneekiko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatzea dira ekintza honen helburuak.

 

Ostegun honetan, martxoak 5, egingo da Tolosako Zuhaitz Eguna, udalaren Ingurumen Sailak antolatuta. Eguraldiak laguntzen badu, landaketa Larramendi auzoko haur parkearen inguruan izango da, iaz bertan jarritako Bordon dantzari eskainitako monolitoaren inguruan. Guztira 20 Lizar landatuko dira. Eremu horretan eratuko den gune berri horri Lizarren Basoa izena jarriko zaio. Hala, San Joan Egunean goizean goiz kaleak apaintzeko jartzen diren Lizarrei herrian bertan gune fisiko bat emango zaie. Landaketa 09:30ean hasiko da.

Aurten Herrikide ikastetxeko 5. mailako ikasleak arduratuko dira landaketa egiteaz. Guztira 70 ikasle inguru arituko dira zuhaitzak landatzen, beti bezala Goroldi taldeko adituen laguntzarekin. Landaketa egin aurretik, zuhaitzek duten garrantziaren inguruko lanketa egingo dute ikasgelan, fitxa baten bidez.

Egitasmo honekin haurren arten biodibertsitatearen aldeko ekintzak sustatzea eta zuhaitz, baso eta berdeguneekiko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatzea bilatzen da. Gogoratu behar da eremu berdeek eta zuhaitzek klima aldaketak dakartzan bero olatuei aurre egiteko oso garrantzitsuak direla. Helburu hauek bat egiten dute ikasturtean zehar lantzen den Eskolako Agenda 21 ingurumen hezkuntza programarekin.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA