“Tolosako fauna: landa behaketa” liburua aurkeztu dute Tolosako Udalak eta Alberto Luengo biologoak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/12/23 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Otsailean aurkeztutako Tolosako Landa Koadernoaren garapen bat da liburua, eta hiru ataletan banatuta dago: espezieak, espezieak Tolosan etorkizunean eta egutegi naturala.

  • Babel liburu dendan eskuratu ahalko da, eta aurrerago Elkar liburu dendan ere bai. Guztira 500 ale jarriko dira salgai.

 

Tolosako ekosistemak oinarri dituen “Tolosako fauna: landa behaketa” liburua argitaratu du Tolosako Udalak. Otsailean aurkeztutako Tolosako Landa Koadernoaren osaketa bat da, herriko ekosistemaren eta faunaren balioa ezagutzera emateko. Alberto Luengo biologoak osatu ditu liburuko edukiak eta Xabier Mendarterenak dira oraingoan ere ilustrazioak. Guztira 108 orrialdeko liburua osatu dute.

Liburua gida bat da, eta landa koaderno baten zentzua du. Hiru ataletan banatuta dago: Espezieak, etorkizunean Tolosan egongo diren espezieak eta Tolosako egutegi naturala. “Lehen atalean azken urteetan Tolosan ikusi ditugun espezieak jasotzen dira; bigarrenean dagoeneko agertzen hasi diren eta etorkizunean Tolosan egongo diren edo egotea espero diren espezieak; hirugarren atalean egutegi natural bat dago, Tolosan naturaren ikuspegitik zer gertatzen den jasotzen duena”.

Landa Koadernoan egin zenaren haritik, lan honetan ere, biodibertsitate aberastasun guzti hori 5 ekosistema nagusitan batu da: Basoa, Atlantikoko landazabala, Ibaia, Mendia eta Parkea. Ekosistema horietan aurkitu ditzakegun animaliak identifikatzen dira, azalpenen eta ilustrazioen laguntzaz. Espezie esanguratsuenen datuak ematen dira eta Tolosan edo bere inguruan noiz eta non ikusi diren zehazten da. Atal bakoitzean 6 eta 8 espezie batu ditu Luengok.

Ekosistema bakoitzean Tolosan azken hiru urte hauetan egindako behaketak jaso dira liburuan. Horretan oinarrituta, Tolosako ekosistema ona da orokorrean Luengoren iritziz: “Herriak eta herritarrek ondo zaintzen dute ingurua, eta hori asko nabaritu da azken urteetan. Oria ibaia izan daiteke horren adibidea, orain 20 urtetik gaur egunera izan duen bilakaera izugarria izan baita”.

“Tolosako fauna: landa behaketa” liburua Babel liburu dendan eskuratu ahalko da, eta aurrerago baita Elkar liburu dendan ere. Guztira 500 ale jarriko dira salgai, bakoitza 22.5 euroan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA