Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa jasoko du Tolosak datorren maiatzaren 31etik ekainaren 14ra

Tolosako Udala
2023/05/25 | Ingurumena
  • 26 laburmetraia eta 4 dokumental jasotzen dituen zinema zikloa eskainiko da Topicen, hiru saiotan banatuta, maiatzaren 31n lehena, ekainaren 7an bigarrena eta 14an hirugarrena.
  • Horrez gain, Txikizikloa ekimena ere landuko da herriko ikastetxeekin elkarlanean eta argazki erakusketa bat ere egongo da ikusgai Kultur Etxean.
  • Ozeanoen eta itsaspeko biziaren edertasuna erakusteaz haratago, ziklo honen helburua da gizakiaren eraginez horiek pairatzen dituzten arazo zein narriadurak azaleratzea eta zainketaren kontzientzia zabaltzea.

 

Datorren maiatzaren 31n hasita, Tolosak CIMASUB, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 4. Edizioa jasoko du. Tolosako Udalak Urpeko Errege Elkartearekin elkarlanean antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren babesarekin, zinema ziklo honek nazioarteko argazkilari zein bideografoen lan onenez gozatzeko aukera eskainiko die herritarrei, ozeanoen edertasuna eta, aldi berean, baita degradazioa ikusi eta ezagutzeko aukera ere, gizakiok itsaspeko bizitzan dugun eraginean azpimarra berezia eginez.

Hori horrela, ‘Orain edo inoiz ez’ lelopean, zinema ziklo honen helburu nagusia izango da, hain zuzen, itsaspeko mundua ezagutaraztea eta itsaso eta ozeano guztien zainketaren kontzientzia zabaltzea. Horretarako, ikus-entzunezko lan ezberdinen bitartez, ozeanoetako benetako egoera zein den erakutsiko da, itsaspeko edertasuna alde batera utzi gabe, bertako arazoak azaleratuz. 

Doako itsaspeko zine emanaldiak Topicen

CIMASUBeko 4. Edizio hau hiru saiotan banatuta egongo da: maiatzaren 31n lehena, ekainaren 7an bigarrena eta 14an hirugarrena eta azkena. Guztira 26 laburmetraia eta 4 dokumental eskainiko dira eta itsaspeko edertasunaz haratago, gizakiaren eraginez itsasoek egun sufritzen duten narriadura azaleratuko dute guztiek.

Saio guztiak Topicen izango dira, arratsaldeko 19:00etan eta sarrerak jada eskuragarri daude www.topic.eus webgunean edo leihatilan bertan.

Itsaspeko Txikizikloa ikastetxeentzat

Haurrek ere itsasoa ezagutu eta ozeanoekiko errespetuan hezi daitezen, ‘Txikizikloa’ deituriko ekimena ere eramango da aurrera herriko ikastetxeekin elkarlanean.

Txikizikloa duela 10 urte sortutako egitasmoa da eta helburu du ikasleak ingurumenaren egoeraz jabetzea eta kontsumo osasuntsu eta arduratsuaren eta ingurune hurbilaren errespetuaren eta zaintzaren jarrerak garatzea, haren kudeaketan arduraz parte hartzeko. Horrez gain, eguneroko bizitzan planetaren ongizatean eragina duten erabakiak hartzeko, ezagutza zientifikoan oinarritutako erabaki pertsonal eta kolektiboak ere lantze du helburu ekimenak.

Txikizikloa ekainaren 7an egingo da, Leidor aretoan, lehen hezkuntzako 5. Eta 6. Mailako ikasleekin.

Argazki erakusketa Kultur Etxean

Zinema zikloarekin eta Txikizikloarekin batera, maiatzaren 31tik ekainaren 14ra bitartean CIMASUBera aurkeztutako argazki onenez osatutako erakusketa jasoko du Kultur Etxeak.

Argazki bilduma hau 24 irudiz osatuta egongo da, nazioarte mailako itsaspeko argazkilariek eginak guztiak: Belgika, Bulgaria, Estatu Batuak, Israel, Argentina, Gipuzkoa… Besteak beste, itsaspeko espezie berezi eta desberdinak egongo dira ikusgai.

Erakusketa zabalik egongo da astelehenetik ostiralera goizeko 10:00-13:00 eta 15:30-19;30 bitartean eta asteburu zein jai egunetan 17:00-20:00 bitartean. Ekainaren 5ean 7an eta 10ean, halaber, Triangulo plazan jarriko dira argazki guztiak ikusgai goizeko 11:00etatik 13:00etara.

Informazio gehiagorako: www.cimasub.com