Kargarako sistema elektrikoa duten kamioi berriak hondakin bilketarako

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/10/15 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Jasangarritasunaren aldeko apustuan, Mankomunitatearen flota guztia berrituko da eta kamioi berriek alboko kargarako sistema elektrikoa izango dute kutsadura murrizteko, halaber, pisaketa sistema txertatuta izango dute kamioiek egin beharreko joan-etorriak murrizteko eta zerbitzu jasangarri eta eraginkorragoa eskaintzeko helburuarekin

  • Kontratu berriaren baitan, enpresa esleipenduna kaleko edukiontziez mantenuaz ere arduratuko da horiek herritarrentzat egoera onean egon daitezen bermatzeko

  • Patxi Amantegi ingurumen zinegotzi eta Mankomunitateko lehendakariordeak nabarmendu du “hondakinen gaikako bilketa eta garraioa erosoagoa eta jasangarriagoa izan dadin sustatu nahi dugu bilketa datuak hobetzeko; kamioiek alboko kargarako sistema elektrikoa eta pisatzeko sistema barneratuta izateak eraginkorragoak izaten lagunduko digute, baita gutxiago kutsatzen ere, eta mantenu zerbitzu berriari esker herritarrek uneoro izango dituzte edukiontziak egoera onean erabilgarri”

 

Tolosaldeko Mankomunitateak gaur goizean aurkeztu ditu hondakin bilketarako kamioi berriak. Aurkezpenean izan dira, mankomunitateko teknikaria, Gemma Eceiza, Patxi Amantegi, Tolosako ingurumen zinegotzia eta Mankomunitateko lehendakariordea eta Josu Amilibia, Mankomunitateko lehendakaria.

Tolosaldeko Mankomunitateak berriki hondakinen bilketarako eta garraiorako zerbitzua esleitu du eta horri esker, Mankomunitateko kamioi flota guztia berrituko da: 16 kamioi berri eta ekipo osagarri berria, besteak beste, edukiontzien mugimendua egiteko kamioneta, jarraipeneko bi ibilgailu, edukiontzi berriak eta horien garbiketa eta mantenua egiteko furgoneta. Beraz, hondakin bilketaz gain, edukiontzien mantenuaz ere arduratuko da enpresa esleipenduna (FCC eta Serbitzu Elkartea). Guztira, 2.682.177,67 euroko inbertsioa egin da.

Hondakinen bilketa egingo duten kamioi berriek pisaketa sistema izango dute txertatuta eta hortaz, herri bakoitzeko, zein industriagune eta hondakin sortzaile berezietako hondakin datuak eskuratu ahal izango dira baskularik erabili gabe.

Albo kargarako kamioi berriek sistema elektrikoa erabiliko dute kutsadura gutxitzeko helburuarekin. Halaber, kutsadura akustikoa ere murrizte aldera, kamioi “isilak” izateko ezaugarriak dituzte motorretan.

Edukiontzien mantenua barne, herritarren erabilerarako egoera onean egon daitezen:

Esan bezala, kontratazio berriaren baitan kalean dauden edukiontzien mantenua ere egingo du enpresa esleipendunak horiek egoera onean egon daitezen. Horretarako, edukiontzien konponketa lanak bertan egingo dituzte, matxurarik bada, ahalik eta azkarren erabilgarri egon daitezen.

Aurkezpenean, Patxi Amantegik, Tolosako Udaleko ingurumen zinegotziak eta Mankomunitateko lehendakariordeak azpimarratu du, “hondakin bilketarako kamioi berriekin elektrikorako trantsizio eta urratsa egingo dugu alboko kargarako sistema elektrikoa izango delako”. “Kutsadura murrizteaz haratago, kamioi berriekin eraginkortasunean ere pauso garrantzitsuak emango ditugu, pisatzeko sistema ere bertan txertatua dutelako kamioiek eta beraz, ez delako aparteko pisaketarik egin beharko; eta horrek egin beharreko ibilbideak murrizteko eta egokitzeko aukera emango digu” adierazi du. “Pisaketa sistema berriari esker, beraz, datu zehatzagoak izango ditugu” gehitu du.

“Hondakinen gaikako bilketa eta garraioa erosoagoa eta jasangarriagoa izan dadin sustatu nahi dugu bilketa datuak hobetzeko, horixe da gure lehentasun eta helburu nagusia; kamioiek alboko kargarako sistema elektrikoa eta pisatzeko sistema barneratuta izateak eraginkorragoak izaten lagunduko digute, baita gutxiago kutsatzen ere, eta mantenu zerbitzu berriari esker herritarrek uneoro izango dituzte edukiontziak egoera onean erabilgarri” esanez amaitu du Patxi Amantegik.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA