- Aurten bi urteko erronkari eman diote hasiera eta Garapen Iraunkorreko 7. Helburua izan da abiapuntua, ‘energia irisgarria eta ez kutsakorra’.
- Ikasleek Udalari hainbat proposamen egin dizkiote eta udal ordezkariek Tolosa energetikoki herri jasangarriagoa egiteko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Urtero legez, Tolosako ikastetxeetako ikasleek Eskola Agenda 2030 programa garatu dute ikasturtean zehar, herrian garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzeko. Atzo, landutakoa Udalari aurkezteko Eskola Agenda 2030 Udal Foroa ospatu zen, udaletxeko batzar aretoan eta bertan, ikastetxe desberdinetako ikasleen ordezkariak elkartu ziren, aurrez aurre, udal ordezkariekin, landutakoaren emaitzen berri emateko.
Eskola Agenda 2030 egitasmoa Tolosako Ingurumen Zentroak koordinatzen du ikastetxeekin, eta aurten ere Tolosako 8 ikastetxek hartu dute parte, guztira 4.400 ikasle inguruk. Aurten, gainera, ‘Energia, bizitzaren motorra’ izenburupean, bi urteko erronkari eman diote hasiera eta Garapen Iraunkorreko 7. Helburua izan dute abiapuntu, hau da, ‘Energia irisgarria eta ez kutsakorra’ izan da 2022-2023 ikasturtean landu duten gaia.
Kurtsoan zehar, jarduera desberdinak jorratu dituzte ikasleek aurtengo gaira hurbiltzeko eta lantzeko, lehen hezkuntzatik hasita, lanbide heziketaraino. Lehenik eta behin, ikastetxeetako egoerak aztertu dituzte eta, ondoren, herriaren diagnosia egin dute: herriko argiteria aztertu dute, kontsumo ohiturei buruz galdetu diete herritarrei, ikasleek mugitzeko dituzten ohiturak ere aztertu dituzte… Behin diagnosia eginda eta emaitzak jasota, ondorioak aztertu dituzte eta horietan oinarrituta, energia gutxiago gastatzeko eta arduraz kontsumitzeko konpromisoak hartu dituzte, hala nola: ur txorrota ixtea edota argia itzaltzea, behar ez dugunean, bizikleta eta garraio publikoa ahalik eta gehien erabiltzea, berogailua piztu aurretik arropa gehiago jartzea, argi naturala ahalik eta gehien erabiltzea edota elektrizitaterik gabeko baliabideak ahalik eta gehien erabiltzea, pantailen erabilera murriztuz eta gailu elektrikoen kargadoreak gauean eta behar ez direnean deskonektatuz.
Udalari egindako proposamenei dagokienean, hauek dira ikasleek Tolosa jasangarriagoa egite aldera proposatutakoak:
- Bizikletaren erabilera bultzatzea, txirrinda guneak eta parkinak jarriz, bizikletak alokairuan jarriz edota bidegorria ondo jarriz eta luzatuz.
- Ingurumenaz gehiago arduratzea.
- Eraikin publiko guztietan eguzki plakak jartzea eta erabilera bultzada bat ematea Tolosaldean, horretarako dirulaguntzak eskainiz, adibidez.
- Tolosako argiteriaren egoeraren ikerketa sakona egitea: faroletan sentsoreak jarri, gutxi kontsumitzen duten argiak jarri, argiteria berritu, pizteko ordutegia berrikusi…
- Herriko etxe promozio guztietan etxe pasiboak edo antzekoak izateko baldintzak jarri.
- Udal eraikinetan energia murrizteko neurriak hartu: led argiak, kalefazioa egokitu…
Udal ordezkariek halaber, proposamenei erantzun eta Tolosa herri jasangarriagoa eta atseginagoa egiteko lanean jarraitzeko konpromiso irmoa azaldu dute, ikasleen proposamenak aintzat hartuta. Horrekin batera, eskerrak eman dizkie guztiei egindako lanketagatik, ikasleek aurkeztutako proposamenak Udala jasangarritasunaren alorrean lantzen ari den lan ildoekin oso bat baitatoz.
Tolosaldeako hainbat herrik ere parte hartu dute Eskola Agenda 2030 egitasmoan; Aduna, Alegia, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilek hain zuzen ere. Eskualde ailan, guztira, Haur Hezkuntzatik Lanbide Hezkuntzara, adin ezberdinetako 7.500 ikasle inguruk aztertu dute energia irisgarria eta ez kutsakorra.
2023-2024 ikasturtean, esku-hartze fasea
Esan bezala, aurten bi ikasturtetarako erronkari ekin diote ikasleek eta horri jarraiki, datorren kurtsoari begira, esku-hartze fasean murgilduko dira, ekimenak diseinatu eta martxan jarriz.