Adineko pertsonak eta gazteak elkarrekin dantzan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/10/02 | Kirolak
  • Gaur ekin zaio Mugi Tolosa ikasturte berriari dantza saio berezi batekin eta Tolosako ikastetxe ezberdinetako ikasleen parte-hartzearekin

  • Guztira, 2019/2020 ikasturte osoan zehar 32 irteera egingo dira eragile ezberdinen laguntzarekin

  • Berrikuntzak ere txertatu dira edizio honetan: atzo zahartzaro aktiboari buruzko hitzaldia eskaini zen Zerkausian Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzeko, gaur dantza saio bereziarekin hasi dute ikasturte berria eta Inmakulada Lanbide Ikastolaren laguntzarekin kirola egiteak adineko pertsonen ongizatean duen eragina aztertuko da

 

Egun euritsua izan arren gogotsu eta indartsu ekin diote Tolosako adineko pertsonek Mugi Tolosa ekimeneko ikasturte berriari. Ibilbidea amaitu ondoren, gazte zein adineko pertsonek dantza saio berezia egin dute Zerkausian. Gustura aritu dira guztiak dantzan eta gaurko topaketa hamaiketakoa eginez amaitu dute.

Egun 240 pertsona inguruk parte hartzen dute ekimenean, asko dira beraz, asteazkeneroko hitzordu honen zain izaten direnak. Adineko pertsonen artean ohitura osasuntsuak sustatzea da helburu nagusia, baita adineko pertsonen eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatzea ere.

Ekimen erabat aberasgarria da, horregatik partaidetza handitu nahi da. Edonork parte hartu dezake, bide luze edota motza eginez, eta antolatzaile zein parte hartzen duten eragileen laguntza izango dute ibilbidean zehar. Hori dela eta, antolatzaileek, orain arte ekimenean parte hartu ez duten adineko pertsonei parte hartzeko gonbida luzatu diete eta parte hartzera animatu dituzte.

Irteerak asteazkenero izaten dira eta bi txandatan abiatzen dira Zerkausitik, lehena, 10:30ean eta bigarrena 11:00etan. Ekimenean parte hartzen duten eragile ezberdinak arduratzen dira irteera bakoitza antolatzeaz eta hainbat saiotan herriko ikastetxe ezberdinetako gazteek parte hartzen dute.

Aurten Tolosaldeko Lanbide Heziketa ikastetxea batu da ekimenera.

Hortaz, gero eta eragile eta tolosar gehiago dira Mugi Tolosan parte hartzen dutenak eta horrek balio izugarria ematen dio ekimenari.

 

Kirolak adineko pertsonen osasunean duen eragina aztergai:

Urtero bezala, berrikuntzak txertatu dira. Atzo, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna zela-eta, zahartzaro aktiboari buruzko hitzaldia eskaini zen Zerkausian. Gaur berriz, dantza saio berezia egin da herriko gazteekin eta ikasturtean zehar Inmakulada Lanbide Ikastolak kirol praktikak adineko pertsonengan ongizatean duen eragina aztertuko du.

Mugi Tolosan parte hartzen duten pertsonekin, beraz, ikerketa egingo da. Kirol plangintza bat garatuko da eta hari jarraipena emango zaio, hobekuntzarik sumatzen den aztertu eta ikusteko. Proiektu berri honekin, adineko pertsonengan kirol praktikak zein eragin duen aztertu nahi da, eragin hori estatistika eta zifretara eramateko.

Mugi Tolosa ekimenak adineko pertsonen zahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatzen du eta beren

osasun fisiko, psikologiko eta mentala hobetzen ditu. Eta Hobekuntza horiek dira, hain zuzen ere, ikerketa honen baitan aztertu eta jaso nahi direnak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA