Elkartasunak eta kirolak bat egingo dute berriro XXIV. Elkartasun Krosean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/12/07 | Kirolak

Beste urte batez, kirolak eta elkartasunak bat egingo dute urteko azken egunean, abenduaren 31n, XXIV. Elkartasun Krosaren ospakizunarekin. Krosa, Samaniego eta Orixe Herri Ikastetxeetako kirol batzordeek antolatu dute, Tolosako Udalaren laguntzarekin. Gaur goizean, prentsaurreko bidez aurkeztu dute aurtengo krosa Tolosako Udaleko kiroletako zinegotziak, Joxemari Villanuevak, Orixeko zuzendariak, Mikel Santakiteriak, Samaniegoko zuzendariak, Itxaro Iturtzaetak,  bi ikastetxeetako kirol koordinatzaileak, Patricia Urretabizkaiak, eta Kokuyo elkarteko elkartekideak, Begoña Olamusuk.  

Herritarrengan harrera ezin hobea duen ekintza izanik, urtetik urtera gero eta partehartzaile gehiago ditu. Aurten, guztira, 1000 dortsal jarriko dira salgai, eta horietatik 100 kadeteen kategoriarako gordeko dira. Dortsalak Shanti kirol dendan eskuratu ahalko dira, abenduaren 9-10etik aurrera. Izen ematea 8 euro izango da helduentzat, eta 5 euro kadeteentzat. Egunean bertan 12 euro ordaindu beharko dira. Dortsalak, halaber, Zerkausian banatuko dira.

Sarreretako irabaziak Kokuyo Elkartera bideratuko dira, haien lana babestu eta indartzen jarraitzeko. Hori horrela, aurtengoan ere, Kolonbiako Guabas bailaran elikadura burujabea sustatzera bideratuko da krosean jasotako dirua.

Elkartasuna oinarri duen korrikaldia

Urtero bezala, kirol proba 15:30ean hasiko da. Lehenik eta behin haurrak irtengo dira eta ordubete beranduago, 16:30ean, helduen txanda izango da. Ibilbidea ohikoa izango da: Plaza Zaharretik abiatuko da eta Solana kalean izango du helmuga.

Sari banaketa, halaber, Zerkausian egingo da eta parte-hartzaile guztiek domina jasoko dute eta kamisetak zozketatuko dira. Horrez gain, iaz bezala, Tolosako ikastetxe publikoek elkarlanean diseinatutako eta egindako trofeoak banatuko dizkiete Elkartasun Kroseko 2. eta 3. sailkatuei. Orixeko ikasleek diseinatu dituzte sariak eta Lanbide Heziketako ikasleek ekoiztu dituzte. Mozorrorik onenak ere saria izango du.

Kirolaren alde egindako lana aitortzen duen sari berezia Lizeta Okomorentzat izango da aurten ere. Pisu jaurtitzaile txapelduna Samaniego eta Orixe ikastetxeetako ikasle izandakoa da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA