Emakumezkoen Saskibaloiko Euskal Kopa hartuko du Tolosak irailaren 23, 24 eta 25ean

Tolosako Udala
2022/09/20 | Kirolak
  • Usabal kiroldegian izango da eta sarrerak partida egunean bertan erosi ahal izango dira kiroldegian.
  • Emakumeen Euskal Kopaz aurrez aurre gozatzeko aukerarik ez dutenek irailaren 23 eta 24ko partidak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte Euskadiko Saskibaloi Federazioaren Twitch eta YouTube kanalen bidez, eta irailaren 25ekoa Eitb-n emango da.

 

Tolosako Udalak, Euskal Saskibaloi Federazioak eta Take Tolosa Klubak Emakumezkoen Euskal Kopa antolatu dute irailaren 23, 24 eta 25ean Usabal kiroldegian.

Tolosako alkateak, Olatz Peonek, prentsaurrean azpimarratu duenez, “gizarte berdinzaleago baten alde urratsak ematen jarraitzeko, ezinbestekoa da kirolean emakumezkoen presentzia areagotzea, gure gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna gehien nabarmentzen den eremuetako bat baita kirolarena. Kirol esparrua emakumeona ere bada, eta horregatik da garrantzitsua horrelako txapelketak antolatzea eta hauei sona eta hauspoa ematea, emakumeok kirol-jardunean funtsezko eragile garela aldarrikatzeko eta gazteen artean erreferentziazko emakume kirolariak sustatzeko”.

Alkateak eskerrak eman dizkio Euskadiko Saskibaloi Federazioari txapelketa hau aurrera eramateko Tolosa aukeratu izanagatik eta zorterik onena opa die parte hartuko duten talde guztiei.

Jose Mari Villanueva Kiroletako zinegotziak, aldiz, azpimarratu du “udal-gobernuaren ildo estrategikoak direla berdintasunean oinarritutako kirol-politikak bermatzea, kirol elkarte eta kluben egiturak babestea eta sendotzea, kirol-modalitate guztiak babestea eta kalitatezko ekipamenduak eta instalazioak bermatzea. Eta hori guztia posible da Udalaren eta herriko kirol elkarte eta taldeen arteko elkarlanari esker”.

Txapelketako partidak

Emakumezkoen Ligako hiru euskal taldeek, Kutxabank Araskik, IDK Euskotrenek eta iazko txapeldunak, Lointek Gernika Bizkaiak, bi partida jokatuko dituzte bakoitzak eta hortik Emakumezkoen 2022ko Euskal Kopako txapelduna aterako da.

 

09/23

19:00 IDK Euskotren vs Kutxabank Araski

09/24

18:00 Kutxabank Araski vs Lointek Gernika Bizkaia

09/25

12:00 IDK Euskotren vs Lointek Gernika Bizkaia

 

Sarrerak egun berean erosi ahal izango dira Usabal kiroldegian. Sarreren prezioa 3 euro partidako izango da.

Gainera, Emakumezkoen Euskal Kopaz gozatu ezin dutenek irailaren 23 eta 24ko partidak streaming bidez ikusteko aukera izango dute Euskal Saskibaloi Federazioaren Twitch eta YouTube kanalen bidez, eta irailaren 25ekoa Eitb-n.