- Goizeko 10:00etan hasita arratsaldeko 19:00ak bitartean, guztira 19 partida jokatuko dira eta 31 kirolarik hartuko dute parte.
- Maila profesionaleko emakumezko zein gizonezkoen pilota jaialdiak ere izango dira otsailean Tolosan, baita Montezkue pilota klubak antolatuko afizionatuen mailako jaialdia ere.
Tolosan abiatuko da Gipuzkoako pilota egokituko txapelketa. Datorren larunbatean, otsailak 3, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Pilota Federazioak elkarlanean antolatutako txapelketaren XIV. edizioko lehen neurketak hartuko ditu Beotibar pilotalekuak.
Jaialdiaren inguruko xehetasun guztiak azaldu dituzte bi federazioetako ordezkariek, Foru Aldundiko eta Tolosako Udaleko ordezkariekin batera.
Larunbatean, goizeko 10:00etatik 19:00etara bitartean ospatuko da txapelketa, 14:00-15:30 bitartean atsedenaldia eginez. Guztira 31 kirolarik hartuko dute parte, 2 kategoriatan banatuta: adimen urritasuna duten pilotariak, batetik, teniseko paletarekin, eta urritasun fisikoa duten pilotariak, bestetik, gurpildun aulkian, gomazko paletarekin.
19 partida jokatuko dira Tolosan, 9 goizez, bi kategoriatakoak, eta 10 arratsaldez, teniseko paletarekin. Behin txapelketari ekinda, gainerako kanporaketak Hernanin, Oñatin, Azkoitian, Seguran eta Donostian jokatuko dira.
Txapelketa honen helburu nagusia da kirola eta inklusioa bateratu, indartu eta sustatzea, errespetua, berdintasuna eta aniztasuna oinarri hartuta, ekitatezko aukerak eskainiz eta jarduerak guztion beharretara egokituz. Hain zuzen, Andu Martinez de Rituertok balio horien transmisioa azpimarratu du: «Errealitate ugariri ikusgarritasuna ematen diote gisa honetako txapelketek, eta erakusten dute kirola trensa garrantzitsua dela edonorentzat, edozein dela ere bere egoera. Kirol hezitzaile naizenetik hala sinetsi izan dut, baita hala transmititu ere».
Inauterietan, maila profesionaleko pilota partidak Beotibarren
Kirol egokituko pilota txapelketaz gain, otsailean zehar pilota jaialdi gehiago izango dira Beotibar pilotalekuan.
Otsailaren 10ean, esaterako, lehen mailako emakumezkoen binakako txapelketako neurketak jokatuko dira. Hurrengo egunean, otsailaren 11n, Zaldunita egunez, Inauterietako afizionatuen pilota jaialdia izango da, Montezkue Pilota Klubak antolatuta. Elite kategoriako pilotarien 2 partida ere jokatuko dira.
Otsailaren 12an eta 13an, astelehena eta asteartea, bestalde, maila profesionaleko gizonezkoen txanda izango da. Binakako txapelketako bi partida jokatuko dira Astelenita eta Asteartita egunetan. Astelehenean, Aspek antolatutako 13. jardunaldia jokatuko da Tolosan eta asteartean, aldiz, Baikok antolatutakoaren 14. jardunaldia izango da.
Binakako txapelketako play-offetako lehen jardunaldiko partidetako bat ere Tolosan jokatuko da, otsailaren 22an. Nor baino nor gehiago nortzuk izango diren, ordea, ligaxka amaitutakoan jakingo da.
Otsaileko pilota partiden egitaraua
Otsailak 3 | 10:00-14:00 eta 15:30-19:00
Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketa
Otsailak 10 | 11:30
Emakumezkoen binakako txapelketa
- Aldaregia - O.R. Larramendi / Etxekolonea - Mendiburu
- Iturriaga - Orbegozo / Zabaleta - Zabala
Otsailak 11 | 17:00
Inauterietako pilota jaialdia | Montezkue Pilota Klubak antolatuta
Otsailak 12 | 16:30
EPELen binakako txapelketa | 13. jardunaldia
- Agirre - Iztueta / Exposito - Gaskue
- Elordi - Rezusta / Jaka - Mariezkurrena II
Otsailak 13 | 16:30
EPELen binakako txapelketa | 14. jardunaldia
- Egiguren V - Eskuza / Alberdi II - Morgaetxebarria
- Altuna III - Martija / Peña II - Albisu
Otsailak 22 | 17:00
EPELen binakako txapelketa | Play-off |
Bikoteak oraindik zehazteke