Kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuak kontratatzeko lizitazioa abiarazi du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/10/08 | Kirolak
  • Kontratu berria 10 urterako izango da eta hobekuntzak txertatu dira herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzen jarraitzeko helburuarekin.

  • Lizitazio berriaren baitan, ordutegia zabaldu egingo da eta kirol instalazioak irekita egongo dira astean zehar 7:00etatik 22:00etara eta jai egunetan 8:00etatik 14:00etara.

 

Covid19a dela-eta egindako luzapenen ondotik, datorren urtean amaituko da indarrean dagoen kontratua eta hori dela eta, udal kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuak berriz ere kontratatzeko lizitazioa martxan jarri du Tolosako Udalak.

2005. urtean zabaldu zituen bere ateak Usabalgo Kirol ekipamenduak. Denbora honetan, ia azpiegiturarik erabiliena bilakatu da kiroldegia, hainbat instalazio berri sortu dira eta beste batzuk handitu edo hobetu dira: rokodromoa, solariuma, skate-parka edota futbol zelaia. Udal kirol instalazio guztien kudeaketa bateratuago, eraginkorrago eta integralagoa bultzatzeko, Usalbal kiroldegia kudeatzeko zerbitzu-kontratura batu ziren Berazubi 2013an eta Uzturpe eta Beotibar 2017. urtean.

Aldaketa ugari izan dituen eta konplexutasun handia duen kontratazioa da, beraz, kirol instalazioena. Horregatik, lizitazio berriari hasiera eman aurretik, hainbat azterketa egin dira, horien artean, beste herrietako ereduen azterketa eta konparaketa eta zerbitzua udalekotzeko aukeraren azterketa. Orain arteko zerbitzuaren balorazioa ere egin da, eta herritarrek oso modu positiboan baloratu dute jasotako zerbitzua.

Gauzak horrela, ondorio guztiak kontuan izanda, eraginkortasun printzipioari eusteko eta herritarrei zerbitzurik egokiena bermatzeko udal instalazioen kudeaketa intregralerako zerbitzua kontratatzea erabaki du udal gobernuak eta azken osoko bilkuran onartu zen lizitazioari hasiera ematea. Beraz, dagoeneko enpresek aurkeztu ditzakete beren proposamenak.

10 urterako, hobekuntzekin eta azpiegiturak mantentzeko inbertsioekin

Kontratuaren iraupenak eragin zuzena du inbertsioak egiteko gaitasunean eta horregatik, azterketa ekonomikoak egin ondoren, zehaztu da kontratu berria 10 urterako izatea, azpiegiturak egoera onean mantentzeko inbertsioak egiteko gaitasuna izan dezan enpresa esleipendunak.

Kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuaren emakidaren balio zenbatetsia, guztira, 4.570.531,22 eurokoa da; urteko ustiapen aurrekontua 2 milioi ingurukoa izango dela aurreikusten da eta kontratuaren baitan, instalazioak mantentzeko inbertsioak eta instalazioak berritzeko eta hobetzeko inbertsioak egingo dira, 1.730.000 euroko aurrekontuarekin.

Modu honetara, Udalak, kirol instalazioak egoerarik onenean mantendu nahi ditu, herritarrei eskainitako zerbitzu eta azpiegiturak egokiak eta kalitatezkoa izan daitezen. Zerbitzuak hobetzen jarraitzeko helburuarekin, hainbat hobekuntza ere txertatu dira lizitazioan, bereziki ordutegiari lotuta. Ordutegia zabaldu egingo da, astean zehar 7:00etatik 22:00etara eta jai egunetan 8:00etatik 14:00etara egongo dira irekita kirol instalazioak.

Orain arte bezala, udalak instalazioen erreserba egin ahal izango du udal zerbitzu publikoak eta herriko taldeen jarduerak bermatzeko. Langileei dagokienez, langilegoa subrogatu egin beharko du enpresa esleipendunak. Langile guztiek euskaraz hitz egiteko gaitasuna izan behar dute eta arduradunek EGA titulua edo baliokidea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA