-
Bazkide ez direnentzat irailaren 14an irekiko da izena emateko epea. Helduen ikastaroak irailaren 21ean hasiko dira eta haurrenak eta gaztetxoenak irailaren 28an.
-
Covid-19a dela-eta, protokolo zorrotza zehaztu dute Usabalgo kudeatzaileek, eta kiroldegira joaten diren guztiek jarraitu beharko dute.
Usabal kiroldegiak ikasturte berriari ekingo dio laster ikastaro eskaintza anitzarekin. Guztira 26 ikastaro eskainiko dira ikasturte honetan, 20 ikastaro 15 urtetik gorakoentzat eta 6 ikastaro haur eta gazteentzat.
Ikasturtea irailaren 21ean hasiko da eta dagoeneko bazkide direnek izena eman dezakete; bazkide ez direnek aldiz, irailaren 14tik aurrera eman ahalko dute izena. Bi kasuetan izen ematea Usabalen gauzatu daiteke. Bazkide direnek, ordea, telefonoz, web orriaren bitartez edota Facebook sarearen bidez ere egin dezakete.
Haurren eta gaztetxoen ikastaroak irailaren 28an hasiko dira, herriko beste kirol taldeekin batera kirol eskolak hasteko udalak bateratu duen datan.
Izen emate guztiek ekaina bitarteko iraupena:
Orain bi urte ikasturte osoko izen-emate sistema berria txertatu zen ikastaroetan parte hartzen zuten pertsona askoren iradokizunei jarraituz erraztasunak emateko helburuarekin.
Geroztik, irailean eginiko izen emateak ekaina bitarteko iraupena dute inongo izen emate berririk egin gabe, plaza ziurtatuta. Edonola ere, hiruhilabete bakoitzaren amaieran baja emateko epea zabalduko da eta izena emandako ikastaroetan jarraitu nahi ez duten guztiek bertan behera utzi dezakete beren izen ematea. Horretarako ohiko bideak erabili beharko dira. Orain arte bezala ordainketa hiruhilero izango da.
Segurtasun eta prebentzio protokolo zorrotza
Covid19-ak eragin duen egoeraren aurrean, Usabal kiroldegiko kudeatzaileek segurtasun eta prebentzio protokolo zorrotza osatu dute. Kiroldegira doazen pertsona guztiek jarraitu beharko dute protokoloa.
Hala, gaixo daudenaren sintomarik duten erabiltzaileei kiroldegira ez joateko eskatzen zaie (sukarra, eztula, mina…). Ikastaroetara etxetik kirola egiteko arroparekin joateko eskatzen da, aldagelak ahalik eta gutxien erabiltzeko. Izan ere, aldagelak dira kiroldegian koronabirusa transmititzeko lekurik arriskutsuenetako bat. Horregatik, eta arriskua murrizteko, egunero, 17:00etatik 20:00etara, gune lehorreko aldagelak itxi egingo dira eta gune hezeetan ezingo da dutxatu.
Ikastaroak egingo diren geletara musukoa jantzita joan beharko da derrigor, eta geletarako joan-etorriak lurrean markatutako ibilbideak erabiliz egin beharko dira. Geletara sartu aurretik atean zain egon behar den uneetan, pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzea derrigorrezkoa izango da, eta, era berean, derrigorrezkoa izango da gela bakoitzera sartu aurretik eskuak hidrogelarekin garbitzea.
Ikastaroetan erabiltzen den material guztia norberak desinfektatu beharko du ikastaroaren amaieran, horretarako gela bakoitzean jarriko diren produktuak erabilita. Esterila behar den kasuetan, norberak berea etxetik eramateko aholkatzen da. Ezin den kasuetan, erabiltzaileak esterila osoa estaltzen duen eskuoihal bat eraman beharko du kiroldegiko esterilen gainean jartzeko.
Edozein zalantza argitzeko edota ikastaro eskaintza guztia ezagutzeko Usabal kiroldegiarekin harremanetan jar zaitezke 943 53 64 00 telefono zenbakira deituz edota www.usabalkiroldegia.com edo Facebook bitartez.