AuzoEkinen 2. fasea abiatuko dute hiru eremuk, proposamenak egin, aztertu eta datorren urtean egin beharreko lanak lehenesteko helburuarekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/10/08 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Fase pilotuan parte hartzen ari diren landa eremuko auzoek, San Esteban auzoak eta Izaskun-Iparragirre-Bidebieta eremuak egingo dute lanketa.

  • Orain arte gune horietako bakoitzean egin den azterketaren eta hurrengo urratsen berri emateko saio irekiak egingo dira datorren astean. 

Martxoaren hasieran abiatu zuen Tolosako Udalak AuzoEkin, auzo guztien garapen integral eta orekatua sustatzeko helburua duen proiektua. Horretarako, herria zortzi eremutan banatu zen, eta lehen urtean horietako hiruk parte hartu dute, esperientzia pilotu modura: landa eremuak, San Estebanek eta Izaskun-Iparragirre-Bidebieta eremuak. 

Martxotik hona iraun duen lehen fasean, eremu horietako bakoitzean diagnostiko integral bana egin da, modu parte-hartzailean, auzoaren errealitate eta bilakaera soziodemografikoa kontuan hartuta. Horrekin batera, beharrak aztertu dira, ikuspegi ugaritatik: espazio publikoa, ingurumena, historia eta kultura, mugikortasuna, ekonomia, ekipamendu eta zerbitzuak...

Diagnostikoa egiteko, auzotarrekin inkestak, eztabaida sakonak, eztabaida taldeak, tailer irekiak eta auzoetan zehar deriba saioak egin dira. Udalak auzotar guztien parte hartzea eskertu du, haiei esker informazio interesgarri eta baliagarria jaso baita. 

Eremu bakoitzeko azterketa amaituta, bigarren faseari ekingo diote datorren astean. Horren berri emateko, saio irekiak egingo dira, eremu horietako auzotar, elkarte eta langile guztiei bideratuta. Hauek dira:

  • Bidebieta-Iparragirre-Izaskun: urriak 13, astelehena. 18:00, Inmakulada.

  • Landa auzoak: urriak 14, asteartea. 18:00, udaletxeko pleno aretoa.

  • San Esteban: urriak 15, asteazkena. 18:00, Ttonttor auzo elkartea.

Hurrengo fasean egin asmo dena aurkezteaz gain, auzoaren erradiografia bat aurkeztuko da, diagnostikoaren ondorioetan oinarrituta. Aurkezpenak egin ondoren, diagnostikoen ondorioak gainerako herritarrekin ere elkarbanatuko dira, erabaki.tolosa.eus plataformaren bidez.

Zer egingo da bigarren fasean?

Eremuetako bakoitzeko estrategia bana landuko da, lau urteko begiradarekin. Helburua da jasotzea denbora horretan garatu beharreko ildo nagusiak, helburuak eta akzioak. Dokumentu estrategikoa diagnostikoan jasotako behar, erronka eta aukerak kontuan hartuta egingo da, eta deliberazio- eta parte hartze aktiboko dinamikak uztartuko ditu, lehentasunak ezartzeko. 

Bigarren fase honek lau mugarri izango ditu. Hasteko, aurrez aipatutako aurkezpen saio irekiak egingo dira, eta, horrekin batera, ekarpenak jasotzeko aukera zabalduko da; ondoren, proposamen guztiak filtratu eta sailkatuko dira; hirugarren saioan, leheneste ariketa bat egingo da, ahalik eta kontsentsurik zabalenak bilatuz; lehenetsitako proposamenen azterketa teknikoa egin ondoren, laugarren eta azken saio irekian, azken aukeraketa egingo da. Hautatutako lan horiek datorren urteko udal aurrekontuan txertatuko dira zuzen-zuzenean. Hiru eremuetako bakoitzean egingo da lanketa hori guztia.

«Prozesu sakon bezain interesgarria izan da orain artekoa. Teknikoki eta politikoki ezagutzen ez genituen gauzak jasotzeko aukera eman digu. Aurrera begira jarduteko erabat baliagarria izango da», azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak. Orain abiatuko den fasera begira, herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu: «Prozesu irekia da. Parte-hartze anitza izan nahi dugu, adin-tarte, genero, pentsaera eta jatorriari dagokionez». 

Halaber, balioan jarri du Udalak auzoekin hartu duen konpromisoa: «Aurreko urteetako parte hartze dinamikekin alderatuta, aldaketa esanguratsu bat izango da orain: eremu bakoitzak 60.000 € izango ditu, eta auzotarrek erabaki edo lehenesten dituzten lanak zuzenean txertatuko dira udal aurrekontuan. Auzotarrek erabakimen handiagoa izango dute, beraz. Era berean, gainerako proposamenak eta baliabide gehiago eskatzen dituztenak, beste bide batzuetatik bideratzeko ere erabiliko dira, hala nola, mantenu planetik edo inbertsioen ataletik».

Hurrengo urtean eremu gehiago

Hiru eremuren parte hartzearekin abiatu da aurten AuzoEkin; bada, datorren urtean, eremu gehiagotara zabalduko da egitasmoa. Aurten parte hartu duten hiru eremuetan jarraitu den prozesu bera egingo da horietan ere: hau da, lehenengo diagnostiko integrala egingo da, eta gero lau urterako dokumentu estrategikoak landuko dira. Ordutik aurrera hasi ahal izango dira erabakitzen eremu berri horietako auzotarrak udal aurrekontuaren beren zatia zein proiektura bideratu. Dinamika hori bera jarraituko da aurrerantzean, harik eta eremu guztiekin lanketa bera egiten den arte.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA