Astelehenik aurrera, herritarrak artatuko dituzte UDATEn, aurretiazko zitarekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/05/22 | Koronabirusa
  • Udaltzaingoko ateak ere irekiko dira, poliki poliki udalean “normaltasuna” berreskuratu eta herritarren aurrez-aurreko arreta berreskuratzeko.

  • Manparak ezarri dira Udaten herritarren zein langileen segurtasunerako eta beharrezkoa izango da baita ere sartu aurretik eskuak garbitzea.

  • Aurretiazko zita eskatzeko, astelehenetik aurrera, udate@tolosa.eus helbidera edota 943 65 44 66 zenbakira deitu beharko da.

  • Orain arteko WhatsApp zerbitzua ere mantendu egingo da, gobernantza sailak kudeatuta

 

Langileen itzulerarako Prebentzio Plana eratu du Tolosako Udalak, poliki-poliki udal jardunean normaltasuna berreskuratzeko, betiere segurtasun eta osasun neurri guztiak hartuta.

Gauzak horrela, astelehenetik aurrera ateak irekiko ditu Herritarren Arreta Bulegoak. Herritarrak modu seguruan eta egoerak eskatutako prebentzio neurri guztiekin artatzeko, manparak ezarri dira UDATEn eta udaletxeko sarrera guztietan gelak ezarriko dira herritarrak sartu aurretik eskuak garbitu ditzaten. Herritarrek maskarila etxetik ekarri beharko dute, baita erabili beharreko boligrafoa ere.

Herritarren Arreta Zerbitzuan aurretiazko zitarekin artatuko dira herritarrak eta astelehenetik aurrera eskatu ahal izango da hitzordua. Horretarako tolosarrek udate@tolosa.eus helbidera idatzi edota 943 65 44 66 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Udaltzaingoko ateak ere astelehenean irekiko dira herritarrei aurrez-aurreko arreta eskaintzeko eta poliki-poliki datozen egun eta asteetan gainerako udal zerbitzuek ere arreta presentziala berreskuratuko dute, aurretiazko zitarekin.

Edozein kasutan, herritarrek, orain arte bezala, udaleko sail guztiekin modu telematikoan ere harremanetan jartzeko aukera izango dute.

Hiribusak ohiko ordutegia berreskuratuko du astelehenean:

Astelehenean TAO zerbitzua berriz ere martxan jartzearekin batera, Hiribusak ere bere ohiko ordutegia berreskuratuko du. Beraz, autobus zerbitzua eskainiko da astelehenetik ostiralera, ordu erdiro, 7:30etatik gaueko 21:00ak arte eta larunbatetan 8:30etatik 21:00ak arte. Bi kasuetan, 14:30eko zerbitzurik ez da eskainiko desinfektatze lanak egiteko.

WhatsApp zerbitzua mantenduko da, udalaren eta herritarren hartu-eman zuzenerako:

Larrialdi egoeran Tolosako Udalak, alkatearekin zuzenean harremanetan jartzeko WhatsApp zerbitzua jarri zuen martxan. Komunikazio bide berriak herritarren artean izandako harrera ona ikusita, udal gobernuak kanala mantentzea erabaki du, Gobernantza irekiaren ikuspegitik. Aurrerantzean, beraz, Gobernantza saila izango da zerbitzu honen arduraduna.

Alkateak azaldu duenez, “larrialdi egoera honetan komunitate izaerak hartu duen indarra ikusita, eta zerbitzua herritarrekin zuzenean harremanetan egoteko eta zalantzak argitzeko modu eraginkor bezain baliagarria izan dela ikusita, komunikazio kanal berria mantentzea erabaki dugu, herritarrek udalarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izan dezaten, baita aurrerantzean ere”.

Beraz, astelehenetik aurrera, alkatearekin harremanetan jartzeko WhatsApp zerbitzua, Gobernantza sailaren esku geratuko da. WhatsApp zerbitzu hau erabili ahal izango dute herritarrek Gobernantza sailarekin harremantzeko edota komunitatearekin zerikusia duten zalantzak eta kezkak plazaratzeko eta orain arte bezala, herritarrek bidalitako mezuei ahalik eta modurik azkarrenean erantzungo zaie, astelehenetik ostiralera, saileko ordutegian.

Hala alkateak adierazi du, “egoera honek, aukera berriak eta bide berriak sortu ditu, komunikazioak pisu handia hartu du eta komunitate izaerak garrantzia berezia hartu du; gobernantza irekiaren esparruan urratsak egin ditugu azken urteotan, baita ere, eta beraz, bide berriak jorratzearen aldeko aldeko apustua egin dugu”. Komunitatea izaera sendotzeko helburuarekin jada udalak martxan du Tolosatzen Eskola irekiaren proiektua eta laster “Guztion artean, Tolosatzen” partaidetza prozesua abiaraziko da paradigma berri honetan herritarren eta udalaren arteko elkar-ekintza eta politika publiko-komunitarioak sustatze aldera. Testuinguru horretan, egoki iritzi da martxan jarritako komunikazio kanala mantendu eta gobernantza sailaren esku uztea, komunitatea sendotzeko helburuaren baitan, komunikazioa kanalak indartzeko asmoz eta gobernantza eredu irekiago eta gardenago baten alde.

Herritarrek 688 768 458 telefono zenbakira idatzi ahal izango dute, baita aurrerantzean ere udalarekin eta gobernantza sailarekin zuzenean harremanetan jartzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA