-
Tolosako Udalak “Azoka zure etxera” ekimena abiaraziko du aste honetan bertan, ekoizleekin elkarlanean, elikagaiak saldu eta erosteko aukera bermatzeko helburuarekin.
-
Eskariak telefonoz, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz egin eta elikagaiak etxera banatuko dira, ekoizle bakoitzak zehaztutako maiztasunaren arabera.
Koronabirusak sortutako osasun krisiak Euskal Herriko dozenaka herritako azokak geldiarazi edo errotik aldatu ditu. Tokian-tokian, egitasmo berriak aurkeztu dira egoera gainditzeko.
Tolosan, esaterako, bi astez jarraian ez da azokarik izan, baina irtenbide bat aurkitu nahian ibili dira erakundeak eta ekoizleak, elkarlanean. Joan den astean, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, udalak, sindikatuak eta lehen sektoreko hainbat elkarte bildu ziren, baserritarren produktuak jaso eta merkaturatzen jarraitzeko prozesu bat adosteko. Elkarlan horren emaitza aurki izango da martxan, azoketako produktuen salerosketa ahalbidetzeko zerbitzu bat jarriko baita martxan, datozen egunotan, sareak eskaintzen dituen aukerak baliatuta.
Tolosako Udalaren babesa ere izango du proiektu horrek. Hala ere, aukera gehiago ere aztertzen eta lantzen aritu da udala, hainbat erakunderekin koordinatuta. Lanketa horren ondorio, Jaurlaritzak eta Aldundiak sustatutako zerbitzuarekin osagarriak izango diren beste bi egitasmo jarriko ditu martxan udalak aste honetan bertan: azokako produktuen etxez etxeko “Azoka, zure etxera” banaketa zerbitzua eta herriko elikadura dendetan bertako ekoizleen produktuak eskaintzeko aukera. Modu horretara, jende pilaketak eta inguruko baserrietako uztaren galera ekidin nahi dira, tokiko ekonomia sustatzearekin batera.
“Azoka, zure etxera”
Tolosaldeko hainbat ekoizlek etxez etxeko elikagai banaketa abiatuko dute, eurekin zuzen-zuzenean harremanetan jartzeko aukera eskainiz. Tolosako Azokan postua jartzen duten ekoizle guztiekin harremanetan jarri da udala, iritziak jaso eta egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko. Oraingoz bederatzik egin dute bat egitasmo berriarekin, nahiz eta aurrera begira ere batzeko aukera izango duten gainerakoek.
Telefonoz, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz eskariak jaso ondoren, norbere etxera banatuko dituzte. Eskariak egitean, baina, arduraz jokatzeko dei egin da.
Eskaintza eta banaketa ekoizle bakoitzaren araberakoa izango da; batzuk eguneroko zerbitzua emango dute; beste zenbaitzuk bitan edo hirutan; eta bada banaketa guztia egun bakarrean egingo duenik ere. Banaketa egiterako orduan segurtasun eta osasun neurriak beteko dituzte ekoizleek.
Hauxe da parte hartzaileen zerrenda:
Itziar Etxeberria Arizmendi
Gazta, intxaurrak, babarruna (txuria eta beltza), irasagarra
Banaketa: astean bitan (osteguna eta larunbata).
Eskariak: telefono dei edo WhatsApp bidez, 627935563
Leire Saizar Altuna
Ogiak, gozoak
Banaketa: egunero
Eskariak: telefono dei bidez, 620595711
Jose Angel Loidi Mendizabal
Arrautzak, barazkiak, bizkotxoa, gozoak, frutak, eraldatuak
Banaketa: egunero
Eskariak: telefono dei bidez, 634409888; edo e-mail bidez: jaloidi@gmail.com
Aldabazahar
Barazkiak, ogiak, gozoak eta esnekiak
Banaketa: astelehena, asteazkena eta larunbata
Eskariak: telefono dei edo WhatsApp bidez (619381555 edo 649158139), edo e-mail bidez: lantaldea@aldabazahar.com
Nestor Errasti
Barazkiak
Banaketa: asteazkena
Eskariak: telefono dei edo WhatsApp bidez, 661003446
Inaxio Gorosabel Urkia
Ogia, gozoak
Banaketa: larunbata
Eskariak: telefono dei edo WhatsApp bidez, 656788279
Edurne Arsuaga Iraola
Barazkiak, ardi esnea
Baneketa: ostirala
Eskariak: telefono dei edo WhatsApp bidez, 637974994
Gregorio Balerdi Berasategi
Ogia, ardi esnea, gazta, arrautzak
Banaketa: larunbata
Eskariak: telefono dei (943801414) edo WhatsApp bidez (670431669).
Jose Antonio Labaka
Babarruna, Errezil Sagar Zukua, Errezil Sagarra
Banaketa: osteguna
Eskariak: telefono dei edo WhatsApp bidez, 605704943
Azoka herriko dendetan ere bai
Bestalde, eta Tolosa&Co Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, herriko janari-dendetan Azokako ekoizleen produktuak saltzeko lanean ari da udala. Elikadura establezimenduekin harremanetan jarri da, egitasmora batu nahiko luketen denden zerrenda osatzeko. Mezua jaso ez duten baina interesa duten merkatariek udaleko merkataritza sailarekin jarri beharko dute harremanetan, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatziz.
Tolosako Udalak bertako ekoizle eta merkatarien konpromisoa goraipatu nahi du. Halaber, bertakoa kontsumitzea are garrantzitsuago bihurtu den honetan, inguruko lurretan ekoiztutako elikagaien hornidura eta banaketa bermatzen jarraitzeko bideak aztertzen jarraituko du.