Ekainaren 15ean zabalduko ditu ateak Usabal kiroldegiak

Tolosako Udala
2020/05/21 | Koronabirusa
  • Kiroldegia kudeatzen duen enpresa, Kirolzer, Prebentzio Plana lantzen ari da kiroldegia eta baita Berazubi estadioa ere segurtasun eta osasun neurri guztiekin irekitzeko.

  • Aurretiazko zitarekin eta bakarkako kirola egiteko aukera izango da hasiera batean eta udarari begirako proposamena ere garatzen ari da enpresa.

  • Datozen egunetan irekierari buruzko zehaztasun guztiak emango dituzte enpresako eta udaleko ordezkariek.

 

 

Udalak jakinarazi du Usabal Kiroldegiak eta baita Berazubi estadioak ere ekainaren 15ean zabalduko dituztela berriz ere ateak.

Alarma egoera ezarri zenetik, egoerak hala eskatuta, itxita mantendu dira bi espazioak herritarren segurtasun eta osasuna mantentzeko. Konfinamendua leuntzeko prozesu honetan, jada kirol espazioak irekitzen hasteko aukera dago eta beraz, bi eremuak ekainaren 15ean irekiko dira, segurtasun eta prebentzio neurri guztiekin.

Enpresa kudeatzailea, Kirolzer, Prebentzio Plana lantzen ari da, baita udarari begirako proposamena ere, esan bezala, segurtasun eta osasun neurri guztiekin ateak zabaldu ahal izateko.

Egoera aldakorra denez, Prebentzio Plana egunean eguneko irizpide eta neurrietara egokitzen ari da Kirolzer enpresa. Edozein kasutan, aurreratu dute, hasiera batean soilik bakarkako kirola egiteko aukera izango dela, oraindik ere, kontaktua duten kirolak egitea ezinezkoa delako.

Halaber aurretiazko zita bitartez jardungo da, eta horretarako, sistemak eta plataformak antolatzen ari da baita ere enpresa. Demo bat ere prestatuko dute herritarrei aurretiazko zita horiek nola egin azaltzeko.

Datozen egunetan enpresako zein udaleko ordezkariek irekierari buruzko argibide guztiak emango dituzte ateak zabaldu aurretik herritarrek informazio guztia izan dezaten: zein osasun eta segurtasun neurri hartu behar diren eta hartu dituen enpresak, zein kirol egiteko aukera izango den, espazioak nola antolatu diren edota aurretiazko zita nola egin eta zertarako egin beharko den, besteak beste.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA