Euskal Autonomia Erkidego osoan zehar mugitzea baimenduta gaurtik aurrera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/06/08 | Koronabirusa
  • Normaltasun berrirako planaren 3.fasean sartuta, gehienez ere 20 laguneko taldetan bildu ahalko da, kalean edo etxean. Merkataritza saltokiek %60ko edukierarekin ireki ahalko dute, eta tabernetan, jatetxeetan eta elkarte gastronomikoetan ez da edukiera mugarik izango, beti ere pertsonen artean bi metroko tartea bermatzen bada.

  • Tolosako artxibo historikoak gaur irekiko ditu ateak, eta kiroldegia ekainaren 15ean irekiko da. Gazteentzako aire libreko aisialdi zerbitzua eta Topic martxan daude eta Hiribus zerbitzua %100ean ari da funtzionatzen.

 

Gaur sartu da indarrean trantsizio prozesuko 3. fasea, ekainaren 21era arte iraungo duena. Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri Planari jarraiki, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren hirugarren fase honetan probintzien arteko mugikortasun mugak bertan behera geratuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidego osoan mugitu ahalko da.

Familia eta gizarte bileretan elkartu ahalko den pertsona kopurua 20 lagunekoa izango da, beti ere pertsonen arteko gutxieneko tartea bi metrokoa bada. Merkataritza eta ostalaritza alorretan ere aldaketak egongo dira gaurtik aurrera. Izan ere, merkataritza saltokiek edukieraren %60an ireki ahalko dute, eta berdin hotelek eta ostatu turistikoek zein larunbateko azokak ere; tabernetan, jatetxeetan eta elkarte gastronomikoetan ez da edukiera mugarik egongo, kasu honetan ere pertsonen zein mahaien arteko gutxieneko tartea bi metrokoa bada.

 

Neurriak Tolosara ekarrita

Eusko Jaurlaritzak zehaztutako neurriak kontuan hartuta, eta neurri horiek Tolosara ekarrita, Artxibo historikoa berriz irekita egongo da gaurtik aurrera, baina bertara joateko derrigorrezkoa izango da aurrez hitzordua hartzea artxiboa@tolosa.eus helbidera idatzita edo 943 654 466 telefonora deituta (luzapena 541). Artxibora sartzeko derrigorrezkoa izango da maskarila jartzea (norberak eraman beharko du) eta komunak itxita egongo dira.

Gazte Topagunea dagoeneko hasi da gazteei zuzendutako jarduerak aire librean egiten, eta kiroldegia ekainaren 15etik aurrera egongo da irekita. Hiribus zerbitzua ere %100ean dago martxan eta Topic ere irekita dago aurreko astelehenenetik. Eusko Jaurlaritzak zehaztutako neurrien arabera, zinema aretoetan zerbitzua ere ematen hasi daiteke. Tolosaren kasuan, eta urteroko dinamikari jarraituz, udan ez da zerbitzurik emango, eta irailean ekingo zaie berriz ere zinema saioei Leidor aretoan.

 

Arduraz jokatu

Normaltasun berrirako trantsizioan ere garrantzitsua da osasun, segurtasun, higiene eta babes neurriak eta arauak errespetatzea eta zuhurtziaz eta arduraz jokatzen jarraitzea. Bide horretan urratsak ematen jarraitzeko ezinbestekoa da herritarren laguntza eta inplikazioa. Izan ere, arduraz jokatzen jarraitzea da koronabirusa ez hedatzeko bermerik nagusiena.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA