Herriko komertzio eta zerbitzuak babesteko 1.900 bonu baino gehiago saldu dira, Suspertu Tolosa kanpainaren lehen bi egunetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/05/11 | Koronabirusa
  • Udalak tolosarren atxikimendu eta erantzuna eskertu nahi izan ditu, kanpainak harrera ezin hobea izateaz gain, aurreikuspen guztiak gainditu direlako

  • Bisitari kopuru altuaren ondorioz webgunea etenda izan da zenbait unetan, eta horregatik, sortu ahal izan diren erazgozpenengatik barkamena eskatu du udalak, baina arazo guztiak konpondu dira jada.


 

Sekulakoa izan da Suspertu Tolosa kanpainak herritarrengandik jaso duen lehen erantzuna. Covid-19ak eragindako itxialdiaren ondoren Tolosako komertzio eta zerbitzuak babesteko eta laguntzeko helburuarekin 7.000 bonutik gora jarri ziren salgai, larunbat arratsaldetik aurrera. Bada, hasieratik herritar askok egin dute bat bertako merkataritza eta zerbitzuen sektorea suspertzeko deialdiarekin, eta dagoeneko saldu da bonuen laurdena.

Erosketa martxan jarri zen unetik gaur goizera arte, 1.900 bonu baino gehiago saldu dira, izena eman duten 147 saltoki eta establezimentuetan erabiltzeko.

Zentzu horretan, udalak herritarren erantzuna txalotu eta eskertu nahi izan ditu: “Kanpainak aurreikuspen guztiak gainditu ditu hasiera honetan. Tolosarron parte hartze, inplikazio eta konpromisoak ezinbestekoak zirela azpimarratu genuen Tolosa elkarrekin eta guztion artean suspertzeko, eta izugarria izan da herritarren erantzuna; ezbairik gabe erakusten du sendoa dela bertako saltokiekiko herrian dagoen konpromisoa eta eskertzekoa eta txalotzekoa da”, azaldu du Nerea Letamendiak, Merkataritza, Azokak eta Turismoa saileko zinegotzi arduradunak.

 

Webguneko arazoak, konponduta

Herritarren bat-bateko erantzun itzela albiste on bezain pozgarria bada ere, une berean jaso ziren bisitari eta eskari kopuruak hainbat arazo sortu zituen. Hainbesterainokoa izan zen webguneko bisitari eta erosle kopurua, non larunbatean nahiz igandeko lehen orduetan zerbitzua etenda egon baitzen, ordainketa-pasarelak gainezka egin eta gero.

Dagoeneko arazo guztiak konpondu dira, beraz, normaltasun osoz erosi ahal izango dira bonoak. Maiatzaren 29ra arte izango da, gehienez, horretarako aukera, lehenago bonuak agortzen ez badira, behintzat.

Erosketan zailtasunik izanez gero, edota laguntza behar izanez gero, merkataritza sailak laguntza eskainiko du 943 69 75 21 telefonoan edota merkataritza@tolosa.eus posta elektronikoaren bitartez.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA