-
Apirilaren 1etik 10era aurretiko izen-ematea egin beharko da; zozketa beharko balitz, apirilaren 11n egingo da, eta lekua eskuratzen dutenek apirilaren 28tik maiatzaren 8ra egin beharko dute behin betiko izen-ematea.
-
Asteka banatuko dira udalekuak –ekainaren 30etik uztailaren 24ra, lau astetan– eta nahi adina asterako izena emateko aukera izango da.

Tolosako Udalak udako udaleku irekiak antolatu ditu, lehen aldiz. 2024. urteko parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan, herritarren aldetik boto gehien jaso zituen proposamenen artean zegoen. Bada, lanketa amaituta, aurtengo eskaintza aurkeztu da eguerdian.
‘Udan, denok elkarrekin’ lelopean, Tolosan erroldatutako 6 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoek (2011. eta 2019. urte artean jaiotakoek) aukera izango dute abenturaz betetako uda igarotzeko, euskaraz.
300 haurrentzako
Lau asterako eskaintza izango da, ekainaren 30etik uztailaren 24ra. Bi multzotan banatuko dira udalekuak, adin-tarteen arabera: 6-11 urte (2015-2019) eta 11-14 urte (2011-2014). Talde bakoitzeko, 150 haurrentzako lekua izango da, eta lekuen % 5a, gutxienez % 33ko desgaitasuna edota ofizalki aitortutako mendetasun-gradua duten gazteentzat gordeko da, beti ere EAEko hezkuntza sisteman matrikulatuta badaude edota ez badute ezintasunik jarduera-egun horietan parte hartzeko.
Era berean, asteka banatu dira, eta nahi adina asterako eman ahal izango da izena. Lekuak esleitzerakoan, baina, lehentasuna izango dute lau asterako aukeraren alde egin dutenek. Datak hauek dira:
Ezberdinak izango dira eskaintza eta ordutegia, adin-tartearen arabera. 6-11 urte bitartekoen kasuan, astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30erako ordutegia izango dute. Egingo dituzten jardueren artean daude, besteak beste, eskulangintza, sukaldaritza, musika eta dantza, zientziarekin lotutako jarduerak, ur-jolasak edota txangoak.
11 eta 14 urte arteko gaztetxoek, berriz, ordutegi bera izango dute astelehen, asteazken eta ostiraletan. Astearte eta ostegunetan, aldiz, irteerak egingo dituzte eta 16:30ak arte luzatuko da ordutegia. Abenturarekin lotutako jarduerak izango dira nagusi: piraguismoa, eskalada, naturan esplorazioa, herri-kirolak, orientazioa… baita adierazpen artistikoekin edota gastronomiarekin lotutako jarduerak ere.
Udalekua hasi baino ordubete lehenagotik zaintza-zerbitzua ere eskainiko da, baita ondoren ere (14:30ak arte). Izena ematerako orduan zehaztu beharko da zerbitzu horren beharra.
Izen-ematea, asteartetik aurrera
Apirilaren 1ean, datorren asteartean, zabalduko da izen-emate epea. Bi urratsetan bereiztu da prozesua: aurretiko izen-ematea eta behin betikoa.
Aurretiko izen-ematea izango da apirilaren 1etik 10era, eta ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko. Bi modutara egin ahal izango da: online (izenematea.tolosa.eus/udalekuak-2025) edo presentzialki, Kultur Etxean (astelehentik ostiralera, 10:00-13:00 / 17:00-19:00 artean).
Leku kopurua baino eskaera gehiago egongo balira, zozketa bidez esleituko dira. Zozketa egin behar izatekotan, apirilaren 11n egingo da, eta jarraian jarriko dira ikusgai zerrendak. Posta elektroniko eta SMS bidez ere jakinaraziko dira emaitzak.
Ondoren, lekua eskuratzen dutenek, behin betiko izen-ematea egin beharko dute. Kasu horretan, bai, dokumentazio osagarria aurkeztu beharko dute. Hiru bide izango dira: egoitza elektronikoan, UDATEn eta Kultur Etxean. Behin betiko izen-ematea amaitzen denean tokirik balego, hutsik daudenak erreserban daudenei esleitzeko prozedura jarriko da martxan.
Ordaindu beharreko prezio publikoa, hautatutako aste kupuruaren araberakoa izango da. Astebeterako 25 €; bi asterako 45 €; hirurako 65 €; eta lau asteak egin nahi dituztenentzat 85 €. Prezioan hobariak ere aplikatu ahal izango dira, baldintzen arabera. Ordainketa kuota bakarrean egingo da, ekainaren 15etik 30era.
Informazio gehiago eta baldintza guztiak https://udala.tolosa.eus/udalekuak-2025 orrialdean kontsultatu ahal izango dira. Gazteria Sailarekin harremanetan jarri ahal izango da, 943 670 383 telefonora deituta edo gazteria@tolosa.eus helbidera idatzita. Horrez gain, lekua lortu duten haurren familiekin bilera informatiboak egingo dira, ekainaren 1etik 15era bitartean.
Nerabeentzako eskaintza ere izango da
Iaz egin bezala, 14 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako auzolandegien eskaintza ere prestatuko du Udalak aurten. Kasu honetan, auzolandegi itxiak izango dira; hau da, lekuan bertan igaroko dituzte gauak. Uztailan izango dira, eta 14 pertsonarentzako bi txanda egongo dira, iazko planteamendu berarekin: ondare-arkeologikoarekin lanketa eta abenturarekin lotutako jarduerak uztartzearena. Aurki emango dira xehetasun guztiak.
UEMAren udalekuetan izena emateko azken egunak
Udalerri euskaldunetako gazteentzako (2007-2010 urteen artean jaiotakoentzat) udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk, gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta saretzeko helburuarekin. Bi txanda izango dira: ekainaren 22tik 30era, eta uztailaren 2tik 10era. Aurten ere ibiltaria izango da, eta Baliarraindik Idiazabalerako bidea egingo dute gazteek, Tolosaldean hasi eta Goierrin barrena. Zaldibian eta Ataunen ere egingo dituzte bina gau. Txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua dago.
Martxoaren 31n amaituko da izena emateko aukera. Informazio gehiago eta izen-ematea, UEMAren webgunean.