Irakurketa irisgarriagoa sustatzeko ekitaldiak eta tresna berriak, udal liburutegian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/10/23 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Irakurketa errazeko bi talde sortu dira, euskaraz nahiz gazteleraz; horrez gain, zeinu-hizkuntzako haurrentzako ipuin-kontaketa berezia izango da bihar.

  • Egokitutako lupa baten dohaintzari esker, ikusmen-urritasuneko arazoak dituzten pertsonek liburutegiko liburuez gozatzeko aukera izango dute.

 

Ikasturteari hasiera emateko irisgarritasun unibertsala oinarri hartu du udal liburutegiak, eta, hori medio, hainbat ekintza eta egitasmo jarri ditu martxan.

Hasteko, irakurketa errazeko bi talde berri jarri dira martxan; bata, euskaraz, eta bestea, gaztelaniaz. Euskarazko taldea euskaldun berri nahiz zaharrei zuzendutakoa da, euskaraz irakurtzea sustatzeko testuinguru lasaiagoan, xede akademikotik aldenduta. Gaztelaniazkoa, berriz, adinekoei zuzentzen zaie bereziki.

Moderatzaile aditua edukiko dute talde biek eta aforo mugatua izango dute. 6 saiotan antolatuta, talde hauen planteamendua ezberdina izango da; izan ere, landuko den liburua saioetan soilik irakurriko da. Horri esker, taldeko parte hartzaile guztiek martxa bera edukiko dute, eta zalantzak elkarrekin argituko dituzte. Saioak azaroan abiatuko dira, eta izen ematea, datak eta informazio gehiago eskuragarri daude liburutegiko webgunean.

Zeinu-hizkuntzako ipuin kontaketa, bihar

Horrez gain, ipuin-kontaketa berezia antolatu du urriaren 24rako. Julian Rodriguezek zeinu-hizkuntzan kontatuko ditu hark egindako klasikoen bi egokitzapen: Txanogorretxu eta Hiru txerritxo gorrak. Euskararako interpretazioko udal zerbitzua eskainiko da eta 5-7 urtekoei zuzentzen zaie. Saioa Tolosako haur liburutegian izango da, 18:00etan, eta aforo mugatua izango du. Izen ematea liburutegiaren webgunean dago irekita.

Irakurketa irisgarriagorako baliabideak

Azarotik aurrera, gainera, helduen liburutegiko interesguneak irisgarritasuna areagotuko du, Next Generation funtsetako laguntza helburu horretara bideratu baitu: eleberri egokituak (irakurketa erraza, XL letra, etab.) eta ikasgaiak (eskuliburuak, etab.) izango dira eskuragarri haur eta helduentzat.Datozen hilabeteetan, irisgarritasuna beste esparru batzuetan hobetzeko tresna gehiago eskuratzen jarraituko du liburutegiak.

Irisgarritasuna areagotzeko eskuratutako materialaz gain, udal liburutegiak dohaintza bat ere jaso du, Germán Cabarbayen Plaza erabiltzaile fidel eta kuttunaren familiaren eskutik: TV Xtend lupa elektroniko bat, liburuen letra handiago irakurtzeko balio duena. Honi esker, ikusmen-urritasuneko arazoak dituzten pertsonek liburutegiko liburuez gozatzeko aukera izango dute aurrerantzean. Udal liburutegiak eskerrik beroenak luzatu nahi dizkio familiari, beste behin, dohaintza hain baliotsua egiteagatik.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA