‘Ero-Kudeiro’ karrozak eskuratu du 2020ko Karrozen eta Konpartsen lehiaketako sari nagusia

Tolosako Udala
2020/02/28 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Guztira 85 izan dira lehiaketara aurkeztu diren karrozak eta konpartsak.

  • Udaletik beren lana, sormena, umorea eta irudimena balioan jarri eta eskertu nahi izan dituzte, inauterien izaerari eusteko ezinbesteko elementua direlako karrozak eta konpartsak.

 

2020ko Inauterietako lehiaketara aurkeztutako 85 karroza eta konpartsen artean honakoak izan dira sarituak modalitate ezberdinetan:

  • Karrozen lehen saria: “Ero-Kudeiro”

  • A taldeko (20 lagun baino gehiago) konpartsen lehen saria: “Gure zirkoa”

  • B taldeko (11 eta 20 lagun bitartean) konpartsen lehen saria: “Minions”

  • C taldeko (1 eta 10 lagun bitartean) konpartsen lehen saria: “Indar armatuen eguna”

  • C taldeko (1 eta 10 lagun bitartean) konpartsen aipamen berezia: “Erregin hinduak Tolosan”

  • Karroza/konpartsa berdinzaleenaren saria: “Sufragistak”

Saridun guztiek txapela bana jaso dute, eta karroza berdinzaleenari 'banderola berdinzalea' eman dio iaz kategoria berean saritua izan zen Akelarre taldeak. Banderola hau urtez urte karroza berdinzaleenak eramango du, eta eskuz esku igaroko da. Berdintasunezko emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanak indartu, emakumezkoen parte hartzea eta protagonismoa nabarmendu eta berdintasunaren eta sexu-genero aniztasunaren aldeko mezu sinbolikoen eta kulturalen sorrera sustatzea bultzatu nahi da sari honen bidez.

Eremu publikoan eta, zehatzago, jai eremuan emakumeen parte hartzea eta protagonismoa bultzatzeagatik, berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko mezuak zabaltzeagatik eta aldarrikapen esplizitua egiteagatik saritu dute Sufragistak taldea. Hori dena inauteri girora egokitzeko egin duten lana ere azpimarratu du epaimahaiak.

Epaimahaia

Zazpi kidek osatu dute epaimahaia: Tolosako Udalaren bi ordezkarik (Jaiak eta Berdintasun sailak) eta Inauterietako karroza eta konpartsen lehiaketako ohizko parte hartzaileen bost ordezkarik.