‘Herriak ez du barkatuko’ liburuaren aurkezpena, ‘Bizikidetza sustatzen’ egitasmoari jarraipena emateko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/12/04 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Irati Goikoetxea idazlearen eta Maria Jauregiren arteko elkarrizketa izango da.
  • Abenduaren 14an izango da saioa, 18:30ean udaletxeko pleno aretoan.

 

Azken urteotan, Tolosako Udalak udazkeneko zenbait data esanguratsu bizikidetzaz hitz egiteko eta sakontzeko baliatu izan ditu, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien adostasunari esker. Orain, abenduaren 10eko Nazioarteko Giza Eskubideen egunaren testuinguruan, ‘Bizikidetza sustatzen’ egitasmoaren barruan beste ekitaldi bat antolatu du.  

Abenduaren 14an ‘Herriak ez du barkatuko’ liburua aurkeztuko du Irati Goikoetxea idazleak, 18:30ean udaletxean. Indarkeriak azken hamarkadetan eragin duen sufrimenduaz mintzo da eleberria. Pertsonaiak norbere eta besteen minaz hitz egitera eramaten ditu egileak, bere hitzetan, «zaila delako mina erreparatzea, minari erreparatzen ez badiogu».

Liburuaren nondik norakoen berri emateaz gain, idazle beasaindarra eta Maria Jauregi Lasaren, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba, arteko elkarrizketa izango da. Elkarrizketa hori euskaraz izango da.

Liburuan jasotakoak, nahiz ondorengo elkarrizketak bizikidetza mahaiaren helburuekin bat egiten dute. Izan ere, mahai-kideak ere jabetzen dira herrian, sufrimendu egoera asko eta oso desberdinak daudela, batzuk ezagunagoak, baina baita isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordetzen diren bizipen eta egoera isilagoak ere. Eta hain zuzen horiek azalera ekartzea da Udalaren ardura eta eginbeharretako bat, besteen sufrimendua ikusten uzten ez diguten hesiak gainditu ahal izateko. 

Horrez gain, bizikidetza mahaiko ordezkariek dioten moduan «bizi izandako indarkeria eta giza eskubideen urraketek -eta egun ere urratzen direnak- eragin eta eragiten duten mina ezagutzeak, errepikatu nahi ez dugun bidea aurrez-aurre erakusten digu, eta bizikidetza justu eta osasuntsuaren alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Berriz ere errepikatu ez dadin, giza eskubide guztiekiko errespetua aldarrikatu, indarkeria guztiak arbuiatu eta gainditzeko bideak ireki eta gure gizartearen aniztasuna errespetatu behar dugu guztiok». 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA