‘Mendi Tour Tolosa’ film laburren lehiaketaren 11. ediziorako lanak aurkezteko epea otsailaren 18ra artekoa izango da

Tolosako Udala
2021/01/22 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Aurkeztutako lanek mendiarekin edota abenturekin zerikusia duten esperientziei buruzkoak izan behar dute.

  • Bi sari banatuko dira: irabazle nagusiarena, 600 euroko sariarekin; Tolosaldeko lanik onena, 400 euroko sariarekin.

 

Mendi Tour Tolosa jaialdia 11. ediziora iritsiko da 2021ean, eta dagoeneko zabalik dago jaialdiaren barruan urtero antolatzen den film laburren lehiaketara lanak aurkezteko epea. Mendi Film Festival elkarteak, Tolosako Udalak eta Tolosa Gasak sustatzen duten jaialdiko programazioa Mendi Film Festival jaialdiko ikus-entzunezko onenek osatzen dute, baina baita 'Mendi Tour Tolosa' film laburren lehiaketatik irtendakoek ere. Hori horrela, udalak zabaldu du lehiaketan parte hartzeko epea: otsailaren 18a bitarte aurkeztu daitezke lanak. 11. edizioan ere bi sari banatuko dira: irabazle nagusiarena, 600 euroko sariarekin, eta Tolosaldeko lanik onena, 400 euroko sariarekin.

Film laburrak mendiarekin edota abenturekin zerikusia duten esperientziei buruzkoak behar dute izan. Nahi duen orok har dezake parte eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake. Lanek ezin dute 5 minututik gorako iraupena izan, edozein hizkuntzatan aurkez daitezke, formatu digitalean, eta originalak, aurretik argitaratugabeak eta saritu gabeak behar dute izan. Epaimahaia mendia eta ikus-entzunezkoen munduarekin lotura estua duten adituek osatuko dute.

Lanak Tolosako Udaleko Udate Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan aurkez daitezke (Plaza Zaharra 6), astelehenetik ostiralera 07:15etatik 14:15era. Baita wetransfer bidez kultura@tolosa.eus -era idatzita ere.

Informazio gehiago eskuratzeko www.tolosa.eus webgunera edo kultur etxera jo daiteke: 943 670 383 telefonora deituz, kultura@tolosa.eus -era.

Kultur eskaintza hau egonkortuta egotetik haratago, ohitura bihurtu da Tolosan, Tolosaldean, eta baita Donostialdea, Goierri eta Urolaldeko eskualdeetan ere, toki horietatik guztietatik biltzen baita publikoa Leidorrera.