‘Xaxu konfiterua’ kantuaren txisturako eta bandarako moldaketaren estreinaldia, San Joan egunean

Tolosako Udala
2024/06/11 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Jose Ignazio Ansorena Minerrek 1982an sortu zuen txisturako obra, Joxe Mari Gorrotxategi zenak eskatuta, eta bandarako moldatu dute Ansorenak berak eta Joxemari Oiartzabalek.
  • Ekainaren 24an Berdura plazan izango den kontzertuan joko dute lehen aldiz, Tolosako eta Iruñeko Udal Txistulari Bandek eta Tolosako Udal Musika Bandak. 

 

1982 urtean, Jose Ignazio Ansorena Minerrek zortziko eta biribilketa bat barnebiltzen zituen ‘Xaxu konfiterua’ obra sortu zuen, Joxe Mari Gorrotxategi gozogilea zenak hala eskatuta. 

Tolosako Plaza Zaharrean, Gorrotxategi zegoen leku berean, aurrez ‘Xaxu’ ezizenez ezaguna zen konfiteruak (San Blas auzoko Sasoeta baserrian jaioa, hortik ezizena) zuen bere lantokia, eta hura omendu nahian egin zion enkargua Gorrotxategik Ansorenari.

Harreman handia zuten biek. Gorrotxategi Donostiako udal txistularien emanaldiak ikustera sarritan gerturatzen zen, eta halakoetan, doinu hauek jotzen ahalegintzen ziren txistulariak.

Ordutik, txistularien artean asko zabaldu dira bi doinu hauek, eta ohiko errepertorioan sarritan erabili izan dira, bereziki, Tolosako Udal Txistulari Bandaren kasuan.

Orain, Joxe Mari Gorrotxategi hil zeneko bosgarren urteurrena aitzakiatzat hartuta, doinu horien moldaketa berria egin dute Jose Ignazio Ansorenak eta Joxemari Oiartzabalek, eta txistulari bandaz gain, musika banda ere gehitu dute partiturara.

Moldaketa hau Tolosan estrainatuko da, San Joan egunean eguerdian Tolosako bi bandek (Udal Musika Bandak eta Udal Txistulari Banda) Iruñeko Udal Txistulari Bandarekin batera Berdura plazan eskaini ohi duten kontzertuan. Emanaldia 13:00etan izango da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA