- Kontzertuak, antzerkiak, haurrentzako ikuskizunak… urtarrilaren 3a bitartean, 15 ekitaldi desberdin eskainiko dira haur, gazte zein helduentzat.
Ikasturte berriarekin batera, bueltan da Tolosako kultur programazioa, mota askotariko ekintza zein ekitaldiz josita: kontzertuak, musikalak, antzerkiak, haurrentzako emanaldiak…
Urriaren 20an hasiko da udazken-neguko zikloa, eta urtarrilaren 3a bitartean, 15 ekitaldi eskainiko dira, haur, gazte zein helduentzat. Ekitaldi horiek guztiak Leidorren eta Topic-en izango dira eta ezinbestekoa da aurrez sarrera eskuratzea. Leidor Aretoan egingo diren ekitaldien sarrerak Kutxabankeko sarreren salmenta plataforman daude. Topic-eko aretoan egingo diren ekitaldien sarrerak, berriz, Topic zentroko webgunean.
Eszena bonua
Eszena bonuetan berrikuntzak daude ikasturte berrian. Aurrerantzean, eszena bonuak 45 euroko prezioa du eta, hori eskuratuta, udazkeneko programazioko ekintza guztietara sartzeko aukera dago, urriaren 20tik urtarrilaren 3ra bitarte. Bonua eta sarrera guztiak Kutxako webgunean edo Leidorren eskura daitezke.
Egitaraua
‘El nadador de aguas abiertas’ (Tanttaka) – Urriak 20 | 20:00 | Leidor | Antzerkia
Izen bereko nobelan oinarritutako alegia modernoa da, norbere erosotasun-eremutik irteteko igeriketa erronka bat metafora gisa hartzen duena. Buru osasunaz, autosuperazioaz eta bizi irakaspenez ere mintzo da antzezlana.
‘Sagastitarrak’ (Txalo) – Urriak 27 | 20:00 | Leidor | Antzerkia
Goi burgesiako familia bateko alaba aktibista sozial feministak bere lehen abizena aldatu, eta etxeko andrearena jartzea erabaki du. Familiaburuarentzat ulertezina da eta abizenari jarraipena emateko edozer egingo du.
‘Anbotoko Mari’ (Logela Multimedia) – Urriak 28 | 17:00 | Leidor | Antzerkia
Antzezlan multimedia da, eta antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika uztartzen dituena, euskal mitologiako pertsonaia batzuk oinarri hartuta. Anboton, Mariren kobazuloan, harri magiko bat topatuko du Garik, eta Tartalo, iratxo eta gainerako lagunen laguntza beharko du Marik, berreskuratzeko.
‘Arima’: La Pulga – Azaroak 3 | 20:00 | Topic | Musika eta dantza
Flamenko dantza eta musika Euskal Herrian tradizio handia duten txalaparta eta ttakun instrumentuekin uztartzen dituen ekitaldia da. Alaitasunez egindako takoneo, euskarazko kantu, zortziko eta “quejío” flamenkoekin gozatu ahal izango dugu, besteak beste.
Good sex, Maritxu (Ttipia) – Azaroak 10 | 20:00 | Leidor | Antzerkia
‘Good sex, Good day’ lanaren egokitzapena da, Yolanda Garciak zuzendutakoa, Espainiako zinemako komediarik bikainenen egileak, alegia. Hiru protagonistetako baten ‘lehen aldia’ irudikatzen dute, ustekabeko istilu, erreakzio harrigarri eta barregarriak sortuz, hirurek orgasmo ona lortzeko edozer gauza egitea eragiten dutenak.
Shine (Lasala) – Azaroak 17 | 20:00 | Leidor | Dantza
SHINE arrakasta eta distira lortzeko ibilbideaz mintzo da. Pieza honetan begiak zabaltzen dizkiogu bizi garen aroan askatasunari buruz dugun ikusmoldeari. Askatasun horrek aske izateari uzten dio auto inposatua den neurrian, eta bere kabuz egiten du distira berau ospatzen dugunean eta gure erabakien erantzule egiten garenean.
Birakabareta – Azaroak 18 | 19:30 | Topic | Haur-ikuskizuna
Haurrei zuzenduriko antzerki emanaldia da, Pailaztana Junior, Pailaztana Klown taldearen, Numen Dantza Eskolaren eta Gurpil Zoroak (Mauricio Garzon eta Iñigo Arroyo) bikotearen parte hartzearekin.
‘Pailazokeriak’: Txirri, Mirri eta Txiribiton – Azaroak 18 | 17:00 | Leidor | Pailazoak
Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen eskutik, euskarazko haur ikuskizuna.
‘Vamos que nos vamos’: Golden Apple Quartet – Azaroak 24 | 20:00 | Leidor | Musika
Golden Apple Quartet taldearen 4 hamarkadetako lanari amaiera emateko bira da eta ikuskizunean denbora horretan ikusleekin partekatutako abestien ibilbide musikala egingo du laukoteak.
‘Hondamendia’ (Artedrama) – Abenduak 15 | 20:00 | Leidor | Antzerkia
Gure historiako azken bi urteen antzerki-metafora da. 2020eko otsailetik 2022ko otsailera hainbat gauza gertatu dira: Zaldibarko zabortegiaren istripua, Covid pandemia... Garai historiko hori antzerki bihurtu dute Artedrama eta Axut ('Amua', 'Zaldi Urdina'...) konpainiek.
Ene Kantak – Abenduak 16 | 16:30 | Musikala
“Emozio Festa!” euskarazko haur ikuskizun musikala da. Ikasleen eskolako lehen egunean oinarrituta, emozioen kudeaketaz, lagunekin elkartzeaz edota zailtasunak gainditzeaz mintzo da. Hori, dantza eta umorearekin uztartuta.
‘Pause’: Xabier Zeberio – Abenduak 28 | 19:00 | Leidor | Musika
Xabier Zeberio biolin jotzaile tolosarrak, Aitor Etxeberria produktorearekin elkarlanean azken urtean zehar mimo handiarekin landutako disko eta proiektu berria.
‘El origen del hielo: Tributo a Frozen’ (Vitamin) – Abenduak 29 | 20:00 | Leidor | Musika
Haurrei bideratutako musikala da. Publikoarekin duten estilo interaktiboa, ahotsen kalitatea, koreografien ikusgarritasuna, eszenaratze zaindua, pertsonaiak… formula bikaina osatuta, bermatuta dago familiek ondo pasatzea!
Euskadiko Gazte Orkestra – Abenduak 30 | 19:00 | Leidor | Musika klasikoa
Gabonetan eskaini ohi dituen emanaldietako bat Tolosan emango du berriro ere, joan den urtean 25. urteurrena ospatu zuen EGOk.
‘Fantasia’: Eñaut Elorrieta – Urtarrilak 3 | 19:00 | Leidor | Musika
Eñaut Elorrietaren bakarkako lan berria da, hamar kantuz osatua. Elorrietak berak idatzi ditu bi abestiren hitzak; gainerakoak, berriz, Amaia Lasa, Jose Luis Otamendi, Uxue Alberdi, Iñigo Astiz eta Itziar Ugarte idazleenak dira.