Abiatu da festa: «Gora Tolosako Inauteriak!»

Tolosako Udala
2024/02/08 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Aiz-Orratz/Veleta elkarteko Arturo Barrio, Javi Grandes eta Ibane Imazek bota dute aurtengo txupinazoa.

  • Korreo kaleko Lara Aranzabal Segurak irabazi du Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co-k antolatutako Inauterietako balkoi lehiaketa.

 

Hasi dira 2024ko Tolosako Inauteriak. Giro ederrean, eta Plaza Zaharra jendez beteta zela, abiatu dira jaiak. Suziria lehertu bezain pronto, Kabi Alai txarangaren Sasikoipatsu kantuak dantzan jarri du jende guztia.

Txupinazoaren aurretik, Aiz-Orratz/Veleta izendatu du Kabi Alai elkarteak 2024ko ‘Kuttun’, inauterietan haurrak protagonista izan daitezen Kalderero eguneko Haurren Jaialdia eta Zaldunita bezperako danborrada antolatzeagatik. 

Antton Oiarbidek jaso du saria, eta ondoren, Arturo Barrio, Javi Grandes eta Ibane Imazek bota dute txupinazoa udaletxeko balkoitik.

Aiz-Orratz/Veletako kide ugari izan dira pleno aretoko ekitaldian, eta denen arteko elkarlana txalotu du Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Zenbat eta zenbat belaunalditako tolosarrek parte hartuko ote zuten zuek antolatutako ekitaldietan. Denon artean egiten duzuen lana da, eta txalotzekoa da hori. Jarrai dezazuela luzaroan».

Kabi Alai elkartearen udalbatzaren konpartsak, gainera, 40 urte bete ditu aurten, eta hauei ere egin die aitortza alkateak. Parodia ere egin dute udaletxearen atarian.

Gainerako elkarteentzat ere esker oneko hitzak izan ditu Andu Martinez de Rituertok: «Ezin aipatu gabe utzi aurten 50. urteurrena ospatuko duten Aurrera Elkartearen danborrada, edota Urdiña Txikitik sortutako Kaldereroen Konpartsa eta Terete txaranga. Tolosako elkarte gastronomikoetatik dozenaka ekitaldi sortzen dira urte osoan zehar, eta hori mirestekoa da».

Tolosa Turismoak eta Tolosa&Cok antolatutako balkoi lehiaketak ere badu irabazlea: gaur auzoz auzo balkoiak ikusi ostean, Korreo kalean bizi den Lara Aranzabal Segurari eman diote saria. Hemen ikusi dituzten balkoi batzuekin osatutako bideoa.

Hemendik aurrera, festa giroak, umore onak, sormenak eta alaitasunak har ditzala herriko kaleak, arduratik beti ere. Ondo pasa eta gozatu. Gora Tolosako Inauteriak!


Informazio praktikorako estekak