Alfredo Sanzolen 'Delicadas' antzezlanaren 'Txuri' egokitzapena antzeztuko dute antzerki tailerreko kideek ikasturte amaierako emankizunean

Tolosako Udala
2019/06/05 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Ostiral honetan, ekainak 7, 20:30ean, Leidor Aretoan.
  • Elena Aranbarri, antzerki tailerraren zuzendariak azaldu duenez, izaeradun emakumeen mapa eratzen duen mosaikoz dago osatua antzezlana: “Antzerki taldearen ispilu da, gure aniztasunaren isla”.

Kultur Etxeko Tic-Tac antzerki tailerrak ikasturtea borobilduko du ostiral honetan, ekainak 7, 20:30etan, Leidor aretoan: Alfredo Sanzolen 'Delicadas' antzezlanaren 'Txuri' egokitzapena antzeztuko dute. Sanzolek Zuzendari Onenaren Max saria eskuratu du aurten eta Estatuko Drama Zentroko zuzendari nagusi izendatu berri dute.

26 lagunek osatu dute tailerra 2018-19 ikasturtean. Askotarikoa da taldea, gazte zein heldu, eta horrexek egiten du taldekideen hitzetan bidaia hau “errealagoa eta aberatsagoa”.

Elena Aranbarri, antzerki tailerraren zuzendariak azaldu duenez, izaeradun emakumeen mapa eratzen duen mosaikoz dago osatua antzezlana: “indar eta bizitasun handiarekin bizitzari aurre egin zioten emakumeak, garai ezberdinei bikaintasunez egokituz. Umorez beteriko emakumeen istorioa da. Bertute handi hori, biziraupenaren parte dena, bizitzarena, min guztien sendaketa”.

Zuzendariak gaineratu du 'Txuri' izenburuarekin bat datorren eszenaratzea prestatu dute: “jendeak beste toki batera bidaiatuko lukeenaren sentsazioa nahi dugu helarazi; planeta ezberdin bat, non batura bat duten hainbat eta hainbat gertakari ezberdin jazotzen diren”.

“Agertokian emakume abaniko zabala ikusiko da, bizipen ezberdinak, bitxikeriak, irri zein minak. Antzerki taldearen ispilu da, gure aniztasunaren isla. Talde lana eta ilusio ikaragarria jarri dugu 26 kideok eta emaitza ikustekoa izango da” adierazi du Elena Aranbarrik. Antzezlana euskaraz zein gazteleraz eskainiko da.

Hitzordua: ostirala, ekainak 7, 20:30etan, Leidor aretoan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

Ostegunetan 17:00etatik 19:00etara etortzeko, EZINBESTEKOA da hitzordua izatea.

ESKATU HITZORDUA