Antxon Elosegui omendu du Udalak herriaren alde hainbat esparrutan egindako lanagatik

Tolosako Udala
2019/02/16 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Eloseguiren hainbat lagunek hartu zuten parte, eta bideo bitartez ere hainbat agur jaso zituen, tartean, Ainhoa Arteta sopranoarena.
  • Eskertza gisa, sanjoanetako bordon makila oparitu zion Olatz Peon Ormazabal alkateak, txistu doinuak eta dantzariak agurra egiten ziotelarik jarraiki.
  • Ekitaldia iruditan ikusgai amaieran.

Herriaren alde hainbat esparrutan egindako lanagatik Antxon Elosegui tolosarra omendu du Udalak. Kabilak hainbat kanturekin harrera eginaz eta Udal Txistulari Bandak jotako Segurako alboradaren doinupean ekin zion ekitaldiak. Olatz Peon Ormazabal alkateak urteotan egindako lan oparo eta eskuzabala eskertu zion: “hainbat esparrutan jardun duzu, Tolosako Ekinbide Etxearen fundatzaile izatetik, Tolosako kaleetan ikusgai dugun eskultura bilduma iraunkorraren sustatzaile, edota iñauteri munduan ere ibili zara. Iñauteriak duen indarra urte osora zabaldu zuen hainbat eta hainbat ekintzekin. Herriko ondare artistiko eta kulturalari ekarpen handia egin diozu, eta gaur Tolosak egindako lan hori eskertzen dizu”. Eskertza gisa, sanjoanetako bordon makila oparitu zion alkateak, txistu doinuak eta dantzariak agurra egiten ziotelarik jarraiki.

Eloseguiren hainbat lagunek hartu zuten parte: Mitxel Ezkiaga, Mitxel Perales, Ricardo Ugarte, Javier Bustos edota Nisa Goiburuk; azken honek bere artelan bat oparitu zion. Guztiek Eloseguik herriari egindako ekarpena jarri zuten balioan.

Bideo bitartez, Ainhoa Arteta sopranoak ere agurtu zuen Antxon, azken honen lagun diren Jose Antonio Sanz Alfaro eta Manuel Caballerok egin moduan.

Antxon Eloseguik eskertza hitzak izan zituen bertaratutako zein bere ibilbidean alboan izan dituen guztientzat: “gaizki egindakoak barkatu eta ondo egindakoak aintzakotzat hartu. Mila esker, benetan”.

Ekitaldia iruditan ikusgai