- Salmenta arratsaldeko 16:00etan zabalduko da eta sarrerak www.bibe.me plataformaren bitartez eskuratu ahal izango dira, eta palkoen kasuan, osorik erosi beharko dira. Horrez gain, ikuskizun bakoitzaren egunean bertan, sarreren %5a zezen plazako leihatilan jarriko da salgai, 15:00etatik aurrera.
- Era berean, gogorarazi otsailaren 6tik aurrera Ferialekua erabilgarri egongo dela inauterietako plataformak egiteko eskaera egin duten guztientzat, eta egun berean hasiko direla danborradarako entseguak.
Orain bai, bi aste baino gutxiago gelditzen dira Tolosako inauteriak hasteko eta Tolosako Udalak bete betean jarraitzen du antolaketa lanetan murgilduta.
Horri lotuta, datorren asteartean, otsailak 7, salgai jarriko ditu inauterietako zezen plazako ikuskizunetarako sarrerak. Salmenta arratsaldeko 16:00etan zabalduko da eta sarrerak www.bibe.me plataformaren bitartez eskuratu ahal izango dituzte tolosarrek. Pertsona bakoitzak gehienez 5 sarrera erosi ahal izango ditu eragiketa bakoitzeko.
Palkoetako sarrerak, halaber, harmailetako sarrerekin batera jarriko dira salgai. Guztira 12 palko daude zezen plazan eta bakoitzak 17 eserleku ditu. Palkoak, baina, zatiezinak dira eta horrenbestez, osorik erosi beharko dira, hau da, 17 sarrera palkoko. 17 sarrerak eskuratu ahal izateko, erosketa egiterakoan jasoko den agiria aurkeztu beharko da Kultur Etxean.
Interneten nahiz leihatilan erositako sarrerak ezingo dira ez itzuli, ezta aldatu ere.
Itxaron gela birtuala
Zezen plazako ikuskizunak herritarren artean arrakasta handia dute eta ohikoa izaten da salmenta hasten den momentuan, eskaera maila handia jasotzea. Hori dela eta, aurten, sarrerak erosteko itxaron gela birtual moduko bat egongo da eta webgunera iritsi diren ordenaren arabera emango zaie sarbidea salmentara.
Behin erabiltzailea gelan sartuta, bere txanda itxaron-ilaran zein den ikusiko du. Behin txanda iritsita, erostera sartuko da BIBEra. Hor, urtero bezala, ekitaldi bateko erosketa bat egiteko aukera izango du; aukeratu, ordaindu eta emailean jasoko du hurrengo minutu/orduetan eragiketa ondo osatu bada. Azkenik, behin erosketa bukatuta sarrera gehiago erosi nahi baditu, eta eskaera bolumenak handia izaten jarraitzen badu, itxaron-gelara bideratuko zaio beste behin prozesua errepikatzeko.
Era berean, ikuskizunaren egunean bertan, sarreren %5a zezen plazako leihatilan jarriko da salgai, 15:00etatik aurrera. Kasu honetan, egun bakoitzean adieraziko da leihatilan salgai dagoen sarrera kopurua.
Prezioak ondorengoak dira:
- Internet bitartez erositako sarrerak:
- Tendidoa edo harmaila: 3€ + komisioa
- Palkoa (17 sarrera) 60€.
- Zezen plazako leihatilan: 3€
Palkoak
Palkoa erosten dutenek otsailaren 9tik aurrera (asteburuan izan ezik) etorri beharko dute Kultur Etxera palko bakoitzeko 17 sarreren bila.
Ferialekua otsailaren 6tik 26ra erabilgarri
Datorren astelehenetik aurrera, halaber, ferialekua zabalik egongo da, hilaren 26a arte, inauterietako plataformak egiteko.
Aurtengoan ferialekuan dauden partzelak baino konpartsa edo karroza gehiagok izena eman ez dutenez, lekua eskatu dutenek otsailaren 6an hasi ahal izango dute lanean bertan. Horretarako, 200 euroko fidantza ordaindu behar dute ezinbestean bankuko transferentzia bitartez.
Ferialekua astelehenetik ostiralera erabili ahal izango da, 17:00etatik 21:30etara eta asteburuan 10:00etatik 21:30etara. Aurten ez da giltzarik banatuko eta udaltzaingoa arduratuko da Ferialekuaren irekieraz eta itxieraz.
Danborradaren entseguei hasiera
Datorren astean ere, Daborradaren entseguei emango zaie hasiera. Otsailaren 6an, 7an, 8an eta 9an izango dira Kultur Etxeko Areto nagusian, 20:15ean. Horrez gain, otsailaren 14ean Musika Eskolan izango da entsegua, ordu berean, 20:15ean.