-
Segurtasun eta prebentzio neurri zorrotzekin egingo dira, herritarren zein ekintzetan parte hartuko duten pertsona guztien osasuna bermatzeko. Ikuskizun guztietara joan ahal izateko derrigorrezkoa izango da aurrez kultur etxean eta Interneten gonbidapena edo sarrera eskuratzea eta musukoa erabiltzea.
-
Intujai taldearen “Txangoztatu” ikuskizunaz, Tolosako Udal Musika Bandaren emanaldiaz eta aire libreko zine saioez gozatu ahalko da bihartik astelehenera bitartean.
Udan Tolosatik mugitu beharrik gabe kulturaz gozatzeko hainbat jarduera antolatu ditu udalak herriko kultur eragileekin eta taldeekin batera, kultura eta bertako kultur taldeen zein eragileen lana balioan jartzeko helburuarekin. Azken egunetan Tolosan bizi izan den egoera kontuan hartuta, aurreko astebururako antolatuta zeuden ekintzak atzeratu egin ziren. Herritarren, kultur eragileen zein ekintzetara gerturatuko ziren pertsonen segurtasuna eta osasuna lehenetsi zen, egoerak hala behartuta.
Sektore guztiak, baita kultura ere, garai zailak bizitzen ari dira, eta Tolosan koronabirus kasuak ez direla gehiagora joan kontuan izanda, asteburu honetarako iragarrita zeuden ekintzak mantentzea erabaki da.
Segurtasun neurri zorrotzekin eta hainbat egokitzapenekin
Edonola ere, eta bizi dugun egoerak hala eskatuta, bihartik datorren astelehenera bitartean egingo diren ekintza guztietan segurtasun eta prebentzio neurri zorrotzak hartuko dira, horietan parte hartuko duten pertsona guztien osasuna bermatzeko. Hala, eta aurrez zehaztuta zegoen moduan, derrigorrezkoa izango da ekitaldi horietara joan ahal izateko aurrez kultur etxean gonbidapena jasotzea edo Interneten gonbidapenak eta sarrerak eskuratzea. Era berean, derrigorrezkoa izango da une oro musukoa jarrita eramatea.
Ekitaldi horien inguruan hartuko diren segurtasun neurriek hala eskatuta, hainbat ekintzetan aldaketak ere egingo dira. Intujai taldearen “Txangozatu” ikuskizuna bi txandatan egingo da, Zumardi Handian. Lehen txanda 18:00etan izango da, eta bigarrena 19:00etan. Txanda edo talde bakoitzean, gehienez ere, 16 pertsonak parte hartu ahalko du. Era beran, ekintzen arteko tarteak ere luzatu egin dira.
Tolosako Udal Musika Bandaren emanaldiaren kokalekua ere aldatu egingo da, eta Plaza Zaharrean izango da. Larunbatetik astelehenera, aire libreko zinemaz gozatu ahal izango da Zezen plazan.
Intujairen ikuskizunerako zein Tolosako Udal Musika Bandaren emanaldirako gonbidapenak kultur etxean eskuratu beharko dira. Aire libreko zine emanaldietarako, berriz, Interneten eskuratu beharko dira sarrerak eta gonbidapenak, Bibe plataformaren bidez. Larunbatean, uztailak 25, “Gladiator” filma ikusi ahalko da, Bang Bang formatuan. Sarrera 5 euro kostako da, eta ohiko moduan hainbat sorpresaz gozatu ahal izango da. Igandean, uztailak 26, “Master and Commander” ikusi ahalko da eta astelehenean, uztailak 27 “Agur Etxebeste” filma. Azken bi hauetarako gonbidapena beharko da, sarrera doakoa izango baita.
Tolosa Kantari bertan behera
Tolosa Kantariko zuzendaritzak uztaileko Kantu Jira bertan behera uztea erabaki du, beraz, larunbatean, uztailak 25, ez du saiorik egingo. Gaur egungo egoerak eraginda hobetsi dute erabakia.
Zine emanaldietarako sarrerak eta gonbidapenak eskuratzeko: