Aurten txosna-gunea ez da Euskal Herria plazan jarriko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/01/20 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Bizilagunen urteetako eskariari erantzun asmoz eta plazen arteko txandakatze sistema martxan jartzeko helburuarekin, aurtengo Inauterietan txosna-gunea ez da Euskal Herria Plazan kokatuko.
  • Olatz Peon Ormazabal: “Urteetan aritu gara plazen arteko txandakatze sistema martxan jartzeko lanean, ez da aurtengo kontua, iaz jakinarazi zitzaien 2023an txosna-gunea lekualdatu beharko zela; Udala beti izan da eta izango da bidelagun, eta aurten ere elkarlanerako eskuak zabalik izan ditugu eremu aproposa bilatzeko, baina ez da aukerarik izan Txosna Batzordeak Euskal Herria plaza ez den beste eremurik ez duelako onartzen ezta onartuko, jada jakinarazi digute Plaza Berrian ez dutela txosna-gunerik antolatuko”

 

Tolosako Udala bidelagun izan du beti Txosna Batzordeak txosna-gunea antolatzeko, bai Inauterietan, baitan San Joan jaietan ere, txosna-gunea jaiaren parte delako eta jaiari ekarpena egiten diolako, festarako gunea eta musika eskaintza antolatuz.

Herrian hainbat eta hainbat jarduera eta ekimen antolatzen dira urte osoan zehar. Festaren eta bizilagunen deskantsuaren, zein herriko merkatari eta ostalarien arteko orekak bermatze aldera; jarduera horiek herriko gune ezberdinetan antolatu ohi dira, esaterako, bolei txapelketaren kasuan, urtetik urtera plaza ezberdin batean gauzatzen da txapelketa.

Azken urteetan, Inauterietan, lekualdatze eta txandakatze sistema ez da bete, aspaldidanik ezarritako baldintza eta irizpidea izanik.

Alkateak gaur eskainitako agerraldian adierazi du: “Urteetan lantzen aritu garen gaia da plazen arteko txandakatze sistemarena; hainbat bilera egin ditugu Txosna Batzordearekin, urtero hitz egin den gai bat da eta iaz jada jakinarazi zitzaien aurten txosna-gunea lekualdatu beharko zutela, beraz ez da albiste berria izan beraientzat” gaineratu du alkateak.

Hainbat bilera egin ditu udalak Txosna Batzordearekin. Batzordeak bilera eskatu duen aldiro bildu da Udala beraiekin. Azken bilera, asteazkenean egin zen.

“Udala beti izan da eta izango da bidelagun txosnaren antolakuntzan, iaz esaterako, ia 7.000 euro jarri zituen udalak txosna-gunea aurrera eramateko, karpa dela, sonorizazio lanak direla, muntaketa lanak direla... eta aurten ere elkarlanerako eskuak zabalik izan ditugu eremu aproposa bilatze asmoz, aukera ezberdinak eta ez bakarra, jarri ditugu mahai gainean, baina ez da elkarlanerako eta adostasunerako aukerarik izan, Txosna Batzordeak Euskal Herria plaza ez den beste eremurik ez duelako onartzen ezta onartuko ere; jada jakinarazi digute Plaza Berrian ez dutela txosna-gunerik antolatuko” adierazi du alkateak.

“Gogora ekarri nahi dut, txosna-gunea antolatu izan dela beste eremu batzuetan ere, beraz, posible da eremu aldaketa, baina borondatea behar da horretarako, eta ez da non eta zein baldintzetan antolatu txosna-gunea eztabaidatzeko eta hitz egiteko aukerarik izan” azpimarratu du alkateak.

Amaitzeko alkateak azpimarratu du, oraindik badela denbora elkarlanerako eta txosna-gunea antolatzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA