Bederatzi kontzertu eskainiko ditu Tolosandblues jaialdiak, ekainaren 27tik 30era, bere 20. urteurrenean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/06/13 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Billy Branch Chicagoko blues legenda, sei emakumek osatutako Indigo Blues taldea eta bi tolosar, besteak beste, aurtengo parte hartzaileen artean.
  • Urte hauetan zan dituen laguntzaile guztiak eskertu ditu udalak.

San Joan jaiak amaitu berritan, Tolosa blues doinuen epizentro bihurtuko da lau egunez, hilaren 27tik 30era, Tolosandblues jaialdiarekin. Berezia izango da aurtengo edizioa, 20 urte betetzen baititu.

Aspaldiko lagunak batuko ditu edizio honek, hainbat agertokitan izango diren bederatzi kontzertutan. Euskal Herriko artistez gain, Kataluniako, Frantziako edota AEBtako artistak bilduko dira. Izan ere, euskal taldeak sustatu ez ezik, jaialdiari indarra eta interesa emateko nazioarteko izarrak gerturatu izan ditu jaialdiak. Aurten Billy Branch Chicagoko blues legenda ezaguna izango da Tolosan. Euskal Herrira datorren bigarren aldia izango da. Tartean, bi tolosar ere izango dira: Ander Zubillaga, eta Yon Labayenen Star Blues taldea. 

Bi hamarkadaren ondoren, erreferente

Tolosako Udalaren eta herriko tabernari batzuen artean -Ezpeleta elkartea osatzen zutenak- sustatu zuten jaialdia, duela 20 urte. Hasiera apala izan bazen ere, gutxira errotu egin da jaialdia, eta Euskal Herriko panoraman espazioa eta erreferentzialtasuna irabazi ditu.

Zentzu horretan, eta 20. urteurrenaren testuinguruan, aurrekontu berezia bideratu du udalak aurtengo ediziorako: 37.500 euro.

Goiuri Ezeiza kultur zinegotziak bi hamarkada hauetan udalak izan dituen laguntzaile guztiak eskertu ditu: «Lehen urteetan azpimarragarria izan zen ostalaritza elkartearen babesa; luxuzko laguntzaile baten ekarpena ere izan du udalak urtero: Iñigo Martin Baztarrikarena. Blues zale porrokatua da, eta programazioa osatzeko bere jakinduria eta grina jaialdiaren alde jarri ditu. Lan hori ere biziki eskertu nahiko genuke».

Tolosandblues 2024 programa:

Ekainaren 27a, osteguna:

  • 20:00 - Euskal Herria plaza: Noa & The Hell Drinkers (Euskal Herria). Donostiar banda blues klasiko eta garaikidearen egiten duen nahasketagatik da ezaguna. Polonian ospatu berri den European Blues Challenge leihaketan lehen postua lortu ondoren, inoiz baino gogotsuago daude munduan zehar ibiltzeko Thunder Tour 2022 bira frenetikoaren ostean.

Ekainaren 28a, ostirala:

  • 19:00 - Gipuzkoa plaza: Martín Burguez (Katalunia). Martín Burguez & His Rhythm Combok Rhythm & Blueseko klasikoak eta 40ko eta 50eko hamarkadetako musikaren eragin handia duten abesti originalak berpizten dituen show berria aurkeztuko dute.

  • 23:00 - Txurreria: Txell Sust Band (Katalunia). Alejandro Sanzen korista gisa esperientzia duen ahots zoragarriarekin, swing, jazz eta blues nahasketa eskaintzen du abeslariak.

Ekainaren 29a, larunbata:

  • 13:00 - Lopez-Mendizabal pasealekua: Star Blues (Euskal Herria). Goierri barrenean sorturiko Blues Rock taldea 2010 eko irailean; rock klasikoen moldaketak eta bere abestiez osaturiko errepertorioa dute. Ezaugarri nagusiena, Blues musika euskaraz abesten dutela da. Taldekideen artean Yon Labayen tolosarra dago.

  • 18:30 - Zerkausia: Ander Zubillaga (Euskal Herria). Tolosar gitarra-jotzailea, bluesa, country eta rocka uztartzen dituen Fingerstyle estiloagatik ezaguna.

  • 19:30 - Plaza Berria: Joan Pau Cumellas Band (Katalunia). Bartzelonako bluesaren bi erreferentek gidatutako banda. Gai klasikoak eta berezko konposizioak jorratzen dituzte, jazz- eta country-osagaiekin.

  • 23:00 - Plaza Berria: Billy Branch (AEB). Chicagoko bluesaren legenda, hiru aldiz Grammy sarietarako izendatua eta Emmy eta Addy sari bana irabazitakoa. Billy Branch bluesaren hezkuntzaren aitzindaria da. Eskoletan bluesa ikasteko plan bat garatu zuen lehen artistetako bat izan zen. Euskal Herria bisitatzen duen bigarren aldia da.

Ekainaren 30a, igandea:

  • 13:00 - Trianguloa plaza: Indigo Blues (Katalunia). Sei emakumek osatutako taldea da, bluesaren dama handien klasikoak ukitu moderno batekin egokitzen dituena.

20:00 - Plaza Berria: Nico Wayne Toussaint Quintet (Frantzia). Bere belaunaldiko harmonika-abeslari nagusietako bat, energia eta poz kutsakorraz ezaguna.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA