Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du ostiralean Leidorren

Tolosako Udala
2020/01/14 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • “Ospakizun gauean” diskoa aurkeztuko du, 20:30ean hasita, eta neguko kultur programazioaren barruan.

  • Ataria Bertso Jaialdia larunbaterako dago iragarrita, eta arrakastatsua izango da aurten ere, dagoeneko sarrera guztiak agortuta baitaude.

  • Kirolari dagokionean, bi ekitaldi nabarmendu behar dira: Kirol Gala eta Ero Etxe krosa.

 

Neguko Kultur Programazioak aurrera jarraitzen du, eta bere baitan antolatutako hurrengo ekintza ostiralean izango da: “Ospakizun gauean” izeneko disko berria aurkezteko Benito Lertxundiren kontzertua. Leidorren izango da, 20:30ean. Sarrerak Leidorren bertan eskura daitezke.

 

Hamar kantuz osatutako diskoa da “Ospakizun gauean”, zuzenean lagun dituen musikariekin grabatutakoak. Desikastearen beharraz, herri menderatuaren oldar askatzaileaz, edota senaren ahotsari arreta jartzeaz ari da Lertxundi diskoan. Jorge Bucay argentinarraren edo Fernando Pessoaren imaginarioan oinarritu da Orioko musikaria, eta Jon Maia bertsolariak Ternuatik ekarritako kantu bat ere partekatu nahi izan du diskoan. Bere kanta ezagun eta hunkigarrienak ere eskainiko ditu Lertxundik ostiralean Tolosan.

Neguko Kultur programazioaren barruan txertatuta hau ere, Ataria Bertso Jaialdia larunbatean izango da, 18:00etan, Leidorren. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Julio Soto ariko dira kantuan. Sarrera denak agortuta daude.

 

Kirol Gala eta Ero Etxe krosa

Kirolen atalean bi ekitaldi nabarmendu behar dira: Kirol Gala eta Ero Etxe krosa. Kirol Gala bihar da, asteazkena, 19:00etan, Leidorren. Herriko kirolariek, kirol taldeek eta kirol elkarteek egindako lana balioan jarri eta izandako lorpenak aitortu nahi ditu gala honen bidez Tolosako Udalak. Zuzenean zein zeharka, kirolak bultzatzen dituen balio anitzak gizarteratzea da ekitaldi honen helburua.

Bestalde, urtarrilaren 19an izango da Ero Etxe krosa. 11:30ean hasiko dira lehen korrikalariak lasterka, eta mailaka, 12:35ean irtengo da azken taldea. San Frantzisko pasealekuan izango da.

Agenda guztia ikusteko sartu agenda.tolosa.eus helbidean.