Bi ordutan agortu ziren sarean salgai jarritako zezen plazako ikuskizunetarako sarrerak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/02/19 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Sarreren %70a saldu da interneten. Gainerako %25a Leidorreko leihatilan egongo da eskuragarri otsailaren 25ean eta 26an, 16:00etatik 20:00etara edo sarrerak agortu arte; eta %5a zezen plazako leihatilan bertan ikuskizun egunetan 15:00etatik aurrera.

Arratsaldeko 16:00etatik bi ordu pasata bukatu ziren sarean salgai jarri diren zezen plazako ikuskizunetarako sarrerak, 9.000 guztira. Kopuru osoaren %70a saldu da interneten. Oraindik bada aukera, beraz, txartelak eskuratzeko: gainerako %25a Leidorreko leihatilan jarriko da sagai otsailaren 25ean eta 26an, 16:00etatik 20:00etara edo sarrerak agortu arte; eta %5a zezen plazako leihatilan bertan ikuskizun egunetan 15:00etatik aurrera.

Sarrerek aurreko urteetako prezio berberak dituzte: 2 euro leihatilan, sarean 2,18€. Bai leihatilan eta bai internet bidez, bakoitzak aldiro gehienez 10 sarrera erosi ahal izango ditu, eta erositako sarrerak, internet bidez nahiz leihatilan, ezingo dira ez itzuli, ez eta aldatu ere. Tendiduko eta harmailetako sarrerak ateka sailkatuta egongo dira, eta astelenitako harmailako sarrerak ez dira salgai jarriko, harmaila osoa aisialdi taldeentzat baita.

Zezen plaza eraberritzen

Guztira 3.040 sarrera jarriko dira salgai egun bakoitzeko. Kopurua murriztu da “legea eta segurtasun berme oro” betetzeko Nuria Carbonell, Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotziak azaldu duenez: “legeak ezartzen du irteera bakoitzeko zenbat pertsona egon daitezkeen plazan. Horren arabera, tendiduan 2.240 pertsona sar daitezke, eta harmailetan 800. Eguneko 850 sarrera gutxiago izango dira. Udal honen lehentasun nagusia da ikuskizunetan herritar zein bisitari ororen segurtasuna bermatzea”.

Hain zuzen, Tolosako Udalak Zezen plazaren eraberritzea du abian, legeak ezarritako ebakuazioa eta segurtasun neurriak betetzeko. 4 fasetan banatu da egokitzapena, eta jada burutuak daude lehen biak: 3 irteera berri egitea eta palkoen estruktura indartzea. Aurten gauzatuko da hirugarrena: harmailen eraberritzea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA