Blues-ak hartuko du sanjoanen erreleboa hamabostgarrenez

Tolosako Udala
2019/06/19 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Ekainaren 27tik 30era ospatuko da Tolosandblues jaialdiaren 15. edizioa.
  • Euskal Herriko, Estatuko zein nazioarteko talde edota bakarlarik eskainitako 8 kontzertuk osatzen dute egitaraua.

  • Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak: “nazioartekotasuna eta tokikotasuna uztartzen saiatzen gara artistei dagokienean, eta jaialdia gure herriko espazio txiki eta handien artean banatzen era orekatuan”.

 

Ekainaren 27tik 30era ospatuko da Tolosandblues jaialdiaren 15. edizioa. Euskal Herriko, Estatuko zein nazioarteko talde edota bakarlarik eskainitako 8 kontzertuk osatzen dute egitaraua. Xehetasunak Olatz peon Ormazabal Tolosako alkateak, eta Iñigo Martin, jaialdiko antolakuntzako kideak eskaini dituzte.

Alkateak adierazi duenez, blues estiloan mugitzen diren “sona eta kalitate handiko” bakarlari eta taldeen doinuaz gozatzeko aukera izango da Tolosan: “gure Kultur eskaintzaren ikur bilakatu den jaialdi hau, egonkortzen doa urtez urte. Saiatzen gara programazioa gorena izaten, eta horretarako, inplikazioa eta lanaz gain, baliabide gehiago jarri dira aurten jaialdiaren osaketarako”.

Tolosako txoko ezberdinetan entzungo dira blues doinuak: “oso interesgarria da espazio txiki eta handien artean lortu den oreka” dio alkateak. Euskal Herria plaza, Lopez Mendizabal plaza edo Plaza Berritik hasi eta Maria Luisa Agirre Doktorearen plaza edota Ilargi, Saikin, txurreria edo Solana tabernak bezalako gune txikiagoak hartuko ditu jaialdiak.

Udalak bere esker ona adierazi die proiektuan sartu diren eragile, laguntzaile, babesle eta kontzertuak hartuko dituzten tabernei, blues jaialdiaren alde egiten duten esfortzuagatik.