Dama Iturriko inguruak txukunduko dituzte aurten Udalak antolatutako Auzolandegietan

Tolosako Udala
2022/06/06 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Udan gazteei zuzendutako aisia eskaintzaren barruan, auzolandegiak antolatu ditu Udalak 12 eta 17 urte arteko gaztetxoentzat.

 

Duela urte batzuk, herri ekimen eta auzolan bidez txukundu ziren Dama Iturrira doazen bideak, eta aurten iturri ingurua txukuntzeko lanak egingo dituzte Udalak antolatutako auzolandegietan parte hartzen duten gaztetxoek. 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta daude auzolandegiak, eta aurten Dama Iturriko inguruan arituko dira lanean. Auzolandegiez gain, eremua txukuntzeko ekimen gehiago ere abiarazi dira, hala nola, Udaleko ingurumen sailak eremua egokitzeko lanak egitea aurreikusten du, eta Tolomendi erakundeak Auzolangintza/Giltza izeneko egitasmoaren baitan, ariketa praktikoa jarri nahi du helduekin iturri ingurua atseginago egiteko.

Ekainaren 27tik uztailaren 8ra bitarte egingo dira gazte auzolandegiak, 9:30etatik 13:30etara. Urkizura autobusez igoko dira gazteak eta handik Dama Iturrira joateko oinetako erosoak eraman beharko dituzte.

Izen ematea doakoa da eta telematikoki edo aurrez aurre egin daiteke UDATEn. Informazio gehiago nahi duenak gazteria@tolosa.eus helbidera idatzi dezake, edo Topagunera deitu: 605 70 69 37 (asteazken eta ostiral goizetan).