Eduardo Mokoroa musika eskolan matrikula egiteko epea irekita dago

Tolosako Udala
2020/06/10 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Musika eskolako ikasle direnek ekainaren 17ra arteko epea izango dute matrikula berritzeko. Online plataformaren bidez egin beharko dute. Ikasle berriek ekainaren 18tik 30era eman ahalko dute izena, horretara bideratutako inprimakia beteta.

  • 4 urtetik aurrerako haurretatik hasi eta adin mugarik gabe hainbat musika tresna ikasteko zein musika ikasketak egiteko aukera eskaintzen du eskolak.

 

Eduardo Mokoroa udal musika eskolan matrikula egiteko epea irekita dago. Gaur egun eskolako ikasle direnek ekainaren 17ra arteko epea izango dute matrikula berritzeko. Musika eskolaren online plataformaren bidez egin beharko dute. Ikasle berriek, berriz, ekainaren 18tik 30era egin ahalko dute matrikula, horretara bideratuta dagoen inprimakia beteta. Tolosako Udalaren webgunean eskura daiteke inprimakia. Epea igarota, irailean berriz irekiko da izen emate epea, bete gabe geratu diren plazak osatu arte.

Eduardo Mokoroa musika eskolan 4 urtetik aurrerako haurrek eman dezakete izena, eta adin mugarik gabe, hainbat musika instrumentu zein musika ikasketa egiteko aukera dago. 4 urtetik 6 urtera arteko haurrei bideratuta hainbat tailer antolatzen ditu musika eskolak, jolasak, kantuan, entzumena eta erritmoa lantzeko. 7 urtetik aurrera musika hizkuntza eta instrumentuak ezagutzen hasten dira.

Bigarren zikloan sartuta hasten dira instrumentuak ikasten, eta horrekin batera musika hizkuntzan garatzen eta taldeak osatzen joaten dira. Hirugarren eta laugarren zikloetan ezagutza horietan sakontzen dute. 18 urtetik aurrerako ikasleek ere musika hizkuntza eta instrumentuak jotzen ikasi dezakete, eta taldeak ere osatzen dituzte.

 

Instrumentuak eta taldeak

Tolosako udal musika eskolan 19 instrumentu ikasteko aukera eskaintzen dute, eta bakarlari aritzeko ikasketak ere egin daitezke. Hainbat talde ere badituzte sortuta: akordeoi taldea, txistulari taldea, dultzaina taldea, bandak, korua ere badago, orkestrak, perkusio taldeak eta hainbat ganbara talde ere badituzte.

Informazio gehiago nahi duenak 943 65 15 96 (570 luzapena) edo 943 65 44 66 (571 luzapena) telefonoetara deitu dezake, edo musika@tolosa.eus helbidera mezu bat bidali.