Ekintzaz josirik dator aurtengo Titereszena programa

Tolosako Udala
2022/09/28 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Topic-ek gaur goizean aurkeztu du 2022-2023 ikasturterako egitaraua: tailerrak, erakusketak, bisita gidatuak… guztien gozamenerako antolatutakoak.
  • Titereszena egitaraua Topic-eko zuzendaritza berriaren gidaritzapean antolatu da, etapa berri bati hasiera emanez.

                     

Txontxongiloak protagonista izango ditugu beste behin Tolosan. Gaur goizean aurkeztu da Topic-en 2022-2023 ikasturterako Titereszena egitarau berria eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordea, Xabier Iturbe, Foru Aldundiko kultura zuzendaria, Maria Jose Telleria, Tolosako alkatea, Olatz Peon, CDNko zuzendaria, Alfredo Sanzol, eta Topic-eko ordezkariak.

Urtero legez, egitarau anitz bezain zabala prestatu du Topic-ek: tailerrak, erakusketak, ikuskizunak, bisita gidatuak, bisita gidatu antzeztuak… Hainbat eta hainbat ekitaldi haur, gazte zein helduen gozamenerako antolatuak.

Gainera, Topic-ek etapa berri bati ere ekin dio aurtengoan, zuzendaritza berri baten pean, hain zuzen Juanjo Herrero eta Estitxu Zalduaren gidaritzapean. Tolosako alkateak, Olatz Peonek ibilbiderik onena opatu die “ziur naiz lan bikaina egingo duzuela Tolosako kulturaren alde eta etapa berri honetan udala bidelagun izango duzue uneoro” adierazi du.

Ildo beretik, Topic-en orain arteko ibilbidea balioan jarri nahi izan du, Idoia Oteguik urte luzez egindako lana eskertuz. “Eskerrik asko Tolosa nazioartean ezagutzera emateagatik, Tolosa txontxongiloen hiriburu bilakatzeagatik eta, nola ez, gure herriko kultur jardueraren alde egindako lan guztiagatik ere”, amaitu du.