Golden Apple Quartet taldearen emanaldia ostiralean Leidorren

Tolosako Udala
2019/12/10 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • “El Menú”, “Englishman NY” edo “María de la O” bezalako gai ikonikoak uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du laukoteak 20:30etik aurrera egingo duen emanaldian.

  • Antzerkiak eta dantzak ere izango dute lekua asteburu honetan Tolosan. Larunbatean haurrentzako “Lur” antzezlana eskainiko da Topic-en, eta igandean Samadhana ekialdeko dantza eskolaren “Ilazki. Gauaren amandrea” emanaldia.

  • Zumardia elkarteak antolatuta, neguko mendi eta eski azoka egingo da kultur etxean ostiralean, 17:00etatik 20:00etara bitartean.

 

Golden Apple Quartet talde ezaguna Tolosan ariko da ostiralean. Leidorren egingo du “Gran selección” izeneko emanaldia, azken urteetan oholtzara eramandako abesti ezagunen bilketa izango da: “El Menú”, “Englishman NY” edo “María de la O”, besteak beste. Golden Apple Quartet taldeak hogeita hamar urte baino gehiago daramatza oholtza gainean, eta ohiko moduan, ostiralean ere gai izango da ikuslea umorearen planora eraman eta ehun minutuz egunerokotasuna alde batera utzi dezan lortzeko.

Musikarekin batera, antzerkiak eta dantzak ere izango dute tartea asteburu honetan Tolosan. Izan ere, larunbatean, 18:30etik aurrera, haurrentzako “Lur” antzezlana eskainiko du Xake Produkzioak taldeak Topic-en. Igandean, berriz, Samadhana ekialdeko dantza eskolak antolatuta, “Ilazki. Gauaren amandrea” dantza eta antzerki emanaldiaz gozatu ahalko da Leidorren, 12:00etan hasita. Maialen Urdanpilleta Anzak egindako sorkuntza lana da, eta 30 dantzarik parte hartzen dute.

Mendi eta eski azoka

Udazken-neguko denboraldian bete-betean murgilduta dago Zumardia elkartea. Testuinguru horretan antolatu du neguko mendi eta eski azoka ere, ostiralerako. Kultur etxean egingo da, 17:00ak eta 20:00ak bitartean, eta ipar eskiko ikastaroen aurkezpena, eskiak parafinatzeko tailerra eta bigarren eskuko truke azoka egingo dute. Mendirako eta eskiatzeko materiala trukatu ahalko da azokan. Elkartasun gunea ere kokatuko dute.

Agenda guztia ikusteko sartu agenda.tolosa.eus helbidean.