Haatik taldearen “Errimak bi oinetan” dantza eta bertso ikuskizuna ikusi ahal izango da ostiralean Leidorren

Tolosako Udala
2020/01/21 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • “Errimak oinetan” ikuskizunarekin bizitakoaren ondoren, formatu bera duen baina gai, bertso, eta dantza berriez osatutako ikuskizuna eskainiko du Haatik taldeak Tolosan, neguko kultur programazioaren barruan. Garai bateko eta gaurko bertsoez eta doinuez osatutako emanaldia izango da.

  • Haurrentzako “Nube a nube” antzezlana eta Xabier Obeso artistaren lanak ezagutzeko bisita gidatuak ere egingo dira aste honetan Tolosan.

 

Neguko Kultur Programazioak beste eskaintza bat dakarkigu asteburu honetan: Haatik taldearen “Errimak bi oinetan” ikuskizuna. “Errimak oinetan” ikuskizunarekin bizitakoaren ondoren, formatu bera izango duen gai, bertso eta dantza berriez osatutako bigarren ikuskizuna da Haatik taldeak Tolosara dakarren emanaldia. “Garai bateko eta gaurko bertsoez eta doinuez osatutako emanaldi entretenigarri eta dibertigarri bat”, taldetik bertatik adierazi dutenez.

Bertso ariketak eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna, eta bertso sorta zaharrei eta berriei mugimendua emanez, gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzea. Leidor antzokian izango da emanaldia, ostiralean, 20:30ean hasita. Aiert Beobide, Amalur Luluaga, Anne Jauregi, Iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Jon Arsuaga eta Nagore Zabala dantzariek parte hartzen dute ikuskizunean.
 

Antzerkia eta bisita gidatuak haurrentzat

Haurrentzako ekintzen artean, “Nube a nube” antzezlana ikusi ahal izango da larunbatean, 18:30ean, Topic-en. Murtziako Periferia Teatro taldeak aurkeztuta, “Nube a Nube” hitzik gabeko ikuskizuna da eta bere bitartez, antzerki bisualeko hizkuntza ez berbalean gehiago sakontzea bilatu dute. Horretarako, akzioen esentzia bilatzen duten testu dramatiko bat plazaratuko dute, Luz izeneko aingeru txiki baten istorioa, jokaeraren, mugimenduaren, argiaren eta musikaren bidez kontatuz.

Bestalde, Xabier Obeso artista errenteriarrak Aranburu Jauregian duen “Barruko argiaren bila” erakusketa ikusteko bisita gidatuak egingo ditu artistak berak larunbatero, 18:30ean hasita.

 

Agenda guztia ikusteko sartu agenda.tolosa.eus helbidean.