Hemen da “Ahoz-Aho 2023”, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia

Tolosako Udala
2023/02/03 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Otsailaren 24an hasita apirilaren 1a arte ikastaro desberdinak, ahozkotasunaren galak, XI. Ipuin narrazio lehiaketa edota VII. Euskal kontalarien topaketa jasoko ditu Ahoz-aho 2023ko jaialdiak, Mexiko, Nikaragua, Japonia, Frantzia edota Belgikatik etorritako gonbidatuekin.
  • Horrez gain 3 ikastaro ere antolatu dira jaialdiaren baitan: 10 orduko narrazio ikastaro trinkoa Tolosan eta umeentzako 2 kontalaritza ikastaro, Abaltzisketan bata eta Bidania-Goiatzen bigarrena.

 

Gaur goizean Tolosan aurkeztu da “Ahoz-aho 2023” Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia. Aurkezpen agerraldian egon dira, esaterako, Olatz Peon, Tolosako alkatea, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea, Ane Gebara, Joxemari Karrere eta Iñaki Carretero kontalariak eta May Gorostiaga kontalari eta Ahoz-Ako Jaialdiko koordinatzailea.

Aipatu jaialdiak ekitaldi eta ikuskizun desberdinak eskainiko ditu Gipuzkoako hainbat herritan, haur, gazte zein helduei zuzenduta. Horien artean, Tolosak eta Ordiziak jasoko dituzte 2023rako antolatutako ekitaldien gehiengoak. Oñatin, Hernanin, Arrasaten, Villabonan, Abaltzisketan edota Alegian ere eskainiko dira ekitaldiak, besteak beste.

“Tolosa kulturalki herri bizia da eta hori, herrian ditugun eragile aktiboei esker da. Nazioarteko jaialdi ugari jasotzen ditugu eta horrek erreferente bilakatzen gaitu kultur arloan: txotxongiloak, abesbatza, zeinu hizkuntza eta orain, baita ere Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia, euskal kontagintzan erreferente dena, euskal herriko zein nazioarteko sortzaileekin”, azaldu du Olatz Peonek, Tolosako alkateak.

Ikastaroak, hitzaldiak edota ipuin narrazio lehiaketa egitarauaren baitan

Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia otsailaren 24tik apirilaren 1a bitartean egingo da eta ikastaro desberdinak, ahozkotasunaren galak, XI. ipuin narrazio lehiaketa edota VII. Euskal Kontalarien topaketa jasoko ditu. Parte-hartzaileen artean, gainera, Euskal Herriko artistekin batera, nazioarteko sortzaileek ere parte hartuko dute aurtengo jaialdian, besteak beste, Mexiko, Nikaragua, Japonia, Frantzia edota Belgikatik etorritako aditu eta kontalariek.

VII. Euskal kontalarien Topaketa Tolosan

Beste hainbat ekintza eta ekitaldiren artean, martxoaren 25ean VII. Euskal kontalarien topaketa ospatuko da Tolosan. Ekitaldi honen baitan, Euskal Herriko hainbat kontalarien hitzaldiak eskainiko dira, baita Japoniatik etorritako Yoshi Hioki kontalariarena ere. Horrez gain, topaketa honen baitan, Tolosan banatuko da aurten Urrezko Kalabaza saria eta Anjel Lertxundiri emango zaio. Azkenik,  Andoni Ollokiegiren kontzertuarekin amaituko da topaketa.

Topaketa Amarotzeko auzo-etxean egingo da.

Egitarau osoa ikusgai hemen.