Kultura Plazara kultur jaialdia antolatu du udalak urriko zubirako

Tolosako Udala
2020/10/01 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Aurten, Tolosako auzoetako festarik egingo ez denez, auzoetako elkarteen laguntzarekin Kultura Plazara egitasmoa antolatu du udalak.
  • Hiru eguneko kultur egitaraua osatu da, talde ezberdinen parte hartzearekin, kultura sustatzen jarraitzeko eta kulturaz gozatzeko aukera eskaintzeko.

 

Udazkenean ospatu ohi diren Tolosako auzoetako festak bertan behera geratu dira, eta horren ordezko, hainbat ekintza antolatu ditu udalak auzo elkarteen laguntzarekin, Kultura Plazara lelopean. Suspertu Tolosa dinamikaren baitan, kultura sustatzeko udala egiten ari den ahaleginaren barruan kokatzen da Kultura Plazara egitasmoa. Udan zehar garatu den kultur programazioaren ondoren, eta udazkeneko kultur egitarauarekin batera, urriaren 9tik 12ra egingo den jaialdiarekin, kulturara gerturatzeko eta herriko artistei plaza bat emateko aukera eskaini nahi izan die udalak herritarrei.

Hala, kultura sustatzen jarraitzeko eta artisten eta taldeen lana balioan jartzeko, musikak indar berezia izango duen kartela osatu da egitasmorako. Honakoa izango da egitaraua:

  • Urriak 9, 20:00etan, Tolosako Musika Bandaren emanaldia
  • Urriak 10, 20:00etan, Amak taldearen kontzertua
  • Urriak 11, 11:00etan, haurrentzako Ene Kantak ikuskizuna eta 20:00etan, Gatibu taldearen kontzertu akustikoa
  • Urriak 12, 20:00etan, Pettiren kontzertua.

 

Zezen plaza, kultur jardueren gune

Kultura Plazara egitasmoaren barruan antolatu diren ekitaldi guztiak Zezen Plazan izango dira. Izan ere, zezen plaza herritar guztiei irekitako eremua izatea nahi du Tolosako Udalak, eta kultur jardueren gune gisa indartu nahi du. Gaur egungo egoeran, pertsonen arteko distantziak mantenduz, aire librean ekintzak egiteko gune aproposa baita.

Eguraldi txarra egingo balu, ekitaldiak bertan behera geratuko lirateke eta beste data batzuk proposatuko lirateke ekintzak egin ahal izateko.

 

Sarrerak Internetez

Jaialdiaren barruan antolatu diren emanaldietarako derrigorrezkoa izango da sarrerak eskuratzea. Ekintza guztiak doan izango dira, Gatiburen kontzertua izan ezik. Azken honetarako sarrerek bost euroko balioa izango dute. Eguraldi txarragatik kontzertua bertan behera geratuko balitz, sarreren dirua itzuli egingo litzateke. 

Sarrera guztiak bibe.me plataforman eskuratu ahalko dira, bihartik aurrera, urriak 2, ostirala.