Kutsadura akustikoari eta segurtasunari buruzko neurriak herritar eta eragileekin partekatzeko bilerak egingo ditu udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/01/20 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Zarata eta segurtasunari buruzko aholkularitza zerbitzua kontratatu du udalak eta azterketaren ondotik, enpresak hainbat gomendio egin eta neurri zehatzak proposatu ditu.

  • Udal talde guztiek bat egin dute neurri eta aholkuekin eta orain horiek herritar eta eragileei aurkeztuko dizkiete guztien inplikazioa sustatzeko eta aurtengo inauterietan elkarbizitzaren eta segurtasunaren aldeko urratsak egiteko.

  • Lehen bilerak bihar izango dira, arratsaldeko 17:00etan aisialdi taldeekin eta 19:00etan Karroza eta Konpartsetako kideekin, hurrengoa, urtarrilaren 28an, asteartean, txarangekin eta bilera irekia egingo da baita ere herritar guztiekin otsaileko lehen astean.

 

Azken urteotan Tolosako Udalak erabaki eta neurri ezberdinak hartu ditu inauterien inguruan tolosarren arteko elkarbizitza bermatu, segurtasuna hobetu eta kutsadura akustikoaren arazoari irtenbidea emateko xedearekin.

Gauzak horrela, 2020ko inauterietan aurrera pausoak ematen jarraitzea da asmoa eta horretarako, kutsadura akustikoari eta segurtasunari buruzko aholkularitza zerbitzua kontratatu du Udalak. Enpresak bi alorrak aztertu ditu eta hainbat gomendio egin eta zenbait neurri proposatu ditu, betiere, segurtasuna hobetzeko eta herritarren arteko elkarbizitza bermatzeko helburuarekin.

Udal talde guztiek bat egin dute enpresak egindako gomendio eta neurriekin eta orain horiek aurrez-aurre aurkeztu nahi dizkiete eragile inplikatu eta herritar guztiei. Izan ere, inauteriek izaera erabat herrikoia dute, herritik eta herriarentzat diren jaiak dira, guztionak eta guztiontzat eta hortaz, guztien elkarbizitza bermatzeko tolosarren inplikazioa ezinbestekoa da eta segurtasuna bermatzeko zenbait urrats egiten jarraitzea ere bai.

Gauzak horrela, lehen bilerak bihar ospatuko dira Kultur Etxean, 17:00etan aisialdi taldeekin eta 19:00etan karroza eta konpartsekin. Hurrengo bilera urtarrilaren 28an, asteartean, izango da txaranga ezberdinetako kideekin eta azkena otsaileko lehen astean herritar guztiekin. Azken hau irekia izango da eta zehaztuko da eguna, ordua eta lekua.

Bilerekin amaitu ondoren aurkeztuko dituzte udal ordezkariek aurtengo berrikuntzak eta hartuko diren neurri zehatzak.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA