Leidor berrituta, gaur emango zaio hasiera udazken-negu honetarako kultur programari

Tolosako Udala
2022/09/15 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Musikalak, kontzertuak, antzerkiak, haurrentzako ikuskizunak… abenduaren 30a bitartean, 18 ekitaldi desberdin eskainiko dira haur, gazte zein helduentzat.
  • Zine programazioa ere indartsu dator: Elvis, El Test, Minions, Los Perdonados, Bullet Train… Lehen filma gaur eskainiko da (Zine-Forum) eta interesdunentzat seihileko bonuak (abenduak 31 arte erabilgarria) eskuragarri daude hemen.  
  • Ekitaldi horiek guztiak aurrera eramateko, gainera, uda sasoiaz baliatu da Udala Leidor aretoan berrikuntza lanak egiteko. Hain zuzen eszenatokiko lurra  eta 165 eserleku berritu ditu, ikusle guztiei kalitatezko azpiegiturak eskaintzeko.

                    

Udako oporraldia amaituta eta dagoeneko begirada udazkenean jarrita, bueltan da Tolosako kultur programazioa, mota askotariko ekintza zein ekitaldiz josita: kontzertuak, musikalak, antzerkiak, haurrentzako emanaldiak… eta nola ez, baita zinea eta zine-foruma ere.

Hain zuzen azken honek emango dio gaur hasiera aipatu programazioari eta abendua bitartean, zine-egitarauaz haratago, beste 18 ekitaldi desberdin ere eskainiko dira, haur, gazte zein helduentzat. Horien artean izango dira, besteak beste, Mecanoren tributo emanaldia, Potx eta Lotx pailazoen edota Ene Kantak taldearen haur ekitaldiak, Jon Maia edota Olatz Salvadorren kontzertuak, Sex sua musikala, Basotik itsasora 2.0 dantza emanaldia… Horrez gain, programaren baitan jasoa dago Verde Prato talde tolosarraren kontzertua. Hauek disko berria aurkeztuko dute abenduaren 16an Leidor aretoan.

Egun hotz eta euritsuen etorrerarako, beraz, Tolosan egongo da zer egin eta zer ikusi.  Ekitaldi horiek guztiak Leidorren eta Topic-en eskainiko dira eta ezinbestekoa izango da aurrez sarrera eskuratzea. Leidor aretoan egingo diren ekitaldien sarrerak salgai daude hemen. Topic-eko aretoan egingo diren ekitaldien sarrerak hemen.

15 zine emanaldi urria bitartean

Leidor aretoak, halaber, gaur zabalduko ditu ateak udazken honetako lehen zine-forumarekin, ostegunetako ohiturei berriro helduz. Delante de ti filma izango da lehena eta urria bitartean, beste 14 zine emanaldi eskainiko dira ostegunetan eta asteburuetan banatuta. Elvis, El Test, Minions, Los Perdonados edota Bullet Train izango dira Leidorreko programazioaren baitan ikusi ahal izango diren filmetako batzuk.

Interesdunek eskuragarri dituzte 2022ko bigarren seihilekorako zine bonuak. Abenduaren 31a bitartean helduei zein haurrei zuzendutako edozein zine saiotan erabili daitezke, estreinaldietan izan ezik. Bonu bakoitzarekin saioko gehienez bi sarrera eskuratu ahal izango dira. Horrela, 10, 20 edo 30 saiotarako bonuak izango dira aukeran, ondorengo prezioetan:

  • 10 saio: 30 euro
  • 20 saio: 35 euro
  • 30 saio: 40 euro

Bonuak salgai daude hemen: Zine bonuak.

Leidor aretoa itxura-berrituta

Eta udazkeneko kultur programa aberats hau aurrera eramateko, gainera, udan zehar, Udalak hainbat berrikuntza egin ditu Leidor aretoan, bertaratzen den orori, kalitatezko emanaldia eskaintzeaz gain, kalitatezko azpiegitura eta zerbitzuak eskaintzeko. Hori horrela, eszenatokiko lurra berritu du Udalak, baita aretoko 165 eserleku ere. Azken hauen konponketa datozen egunotan amaituko da.