LH6ko nerabeek Gazte Topaguneaz gozatu ahal izango dute Aste Santuaren ondotik

Tolosako Udala
2022/04/12 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Orain arte 12 eta 17 urteko gazteei zuzendutako zerbitzua izan da Topagunea, baina Udalak zerbitzua zabaltzea erabaki du eta LH6. mailako gazteak ere bertaratu ahal izango dira Topagunera Aste Santuaren ondotik.
  • Tolosako Udala garatzen ari den Haur, Nerabe eta Gazteen diagnostikoaren baitan, Topaguneak udalerriko nerabeen aisialdian duen garrantzia aztertu ondoren hartu da erabakia, izan ere, prozesu horretan zerbitzua zabaltzeko hainbat eskaera jaso ditu eta horiei erantzuteko helburuarekin zabaldu eta egokituko du zerbitzua.
  • 2021-2022 urtean guztira 2.361 nerabe gerturatu dira Tolosako Gazte Topagunera, egunean batez beste 23 nerabe.

                      

Tolosako Gazte Topagunea Udalak nerabeei ostegunetik igandera eskaintzen dien udal zerbitzua da, udalerriko eta inguruko nerabeen artean oso erabilia. Guneak helburu du nerabeek euren denbora librea modu hezitzailean gauzatzea eta, bertan lan egiten duten hezitzaileen xedea da nerabeen heziketa fase desberdinetan bidelagun izatea.

Orain arte, 12 eta 17 urteko nerabeei zuzendutako zerbitzua izan da Gazte Topagunea. Dena den, Tolosako Udala garatzen ari den Haur, Nerabe eta Gazteen diagnostikoaren baitan, zerbitzua LH6ko nerabeei zabaltzeko hainbat eskaera jaso ditu, eta horiei erantzuteko hartu du erabakia. Ondorioz, Aste Santuaren ondotik, LH6. mailako nerabeak ere joan ahal izango dira Topagunera, eta bertako ekintzetan parte hartu ahal izango dute.

Topaguneak Tolosako nerabeen aisialdian duen garrantzia aztertuta, Udalak zerbitzua ere egokituko du 10-11 urteko nerabeentzako ere egokia izan dadin. Haur, Nerabe eta Gazteen diagnostikoa eta plana aurrerago aurkeztuko ditu Tolosako Udalak osotasunean.

Azken urtean 2.361 nerabe gerturatu dira Gazte Topagunera

Udalak nerabeei eskainitako zerbitzuaren jarraipen estua egin du eta zerbitzua oso erabilia dela ondorioztatu du. Itxialdiaren aurretik, 2019-2020. urtean, irailetik martxora bitarte egunean bataz beste 49 nerabe gerturatu ziren Topagunera. Itxialdian zehar, aldiz, egunean 64 nerabe inguru konektatzen ziren antolatutako online saioetara. 2020-2021ean erabiltzaile kopurua 3.719koa izan zen, egunean bataz beste 22 nerabe gerturatu ziren bertara. Kontuan izan behar da pandemia garaian izanik, aforoa mugatua zela urte osoan zehar Topagunean. Gainera, Tolosa inguruan bizi ziren nerabe askok ezin zuten Tolosara etorri eremu gorrian zegoelako.

2021-2022an ohiko jarduerak berreskuratzen joan da Topagunea, eta guztira 2.361 nerabe gerturatu dira, bataz beste 23 nerabe egunean. Dena den, ikasturtea pandemia garaian eta aforo neurriekin hasi zen, eta horrek ere eragina izan du jardueretan.

Aste Santuko oporraldirako egitarau berezia

Orain, guztia normaltasunera bidean doan honetan, Tolosako Gazte Topaguneak, beste urte batez, egitarau berezia antolatu du Aste Santuko oporretarako.

Fitxategiak: 
Image icon topagunea.jpg