Marka guztiak hautsi ditu Mendi Tour jaialdiaren 8. edizioak, inoizko ikusle daturik onenak eskuratuz

Tolosako Udala
2018/04/19 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Mendi Film Festival elkarteak, Tolosako udala eta Tolosa Gasaren babesarekin, antolatzen duen jaialdiak egun bakarreko ikusle tope berria ere jarri du aurten: lehen saiora, martxoak 12kora, 643 ikusle bertaratu ziren.

Pasaden martxoaren 12, 13 eta 14an egin zen Tolosako Mendi Tourraren zortzigarren edizioa. Ikusle aldetik oparoa izan da beste behin: 1604 lagun bildu dira Leidorren hiru egunetako saioak batuta. Eguneko: martxoaren 12an, astelehena, 643; martxoaren 13an, asteartea, 442; eta martxoaren 14an, 519.

Mendi Film Festival elkarteak, Tolosako udala eta Tolosa Gasaren babesarekin, antolatzen duen jaialdiren orain arteko 8 edizioen eboluzioa aintzat hartuta, hau izan da ikusle gehien izan dituena, eta sarrera salmenta handienekoa. Azpimarratzekoa da egun bakarreko datuetan, astelehenak, martxoak 12, jarritako tope berria: 643 ikusle.

Eboluzio horretan, 2011tik 2013ra egindako edizioek bi eguneko epealdia izan zuten, eta 600, 1000 eta 950 ikusle izan zituzten, hurrenez hurren. 2014tik 2018ra bitartean berriz, 3 egunetako luzera izan du jaialdiak, eta 1417, 1260, 1478, 1480 eta 1604 pertsona igaro dira Leidor aretotik, urtez urte.

Kultur eskaintza hau egonkortuta egotetik haratago, ohitura bihurtu da Tolosan, Tolosaldean, eta baita Donostialdea, Goierri eta Urolaldeko eskualdeetan ere, toki horietatik guztietatik biltzen baita publikoa Leidorrera.

9 film 2018an

Aurtengo edizioan 9 film eskaini dira, Bilbao Mendi Film Festivaleko hamargarren edizioko onenetakoak, tartean Sari Nagusia eta Ikusleen Saria jaso zituen Dirtbag: The Legend of Fred Beckey, Epaimahaiaren saria jasotako Mama, edota Mattin Zeberio tolosarraren Zortzi Yukon, Euskarazko Film Onena 2017ko Mendifilmen. Mendia, abentura eta natura zinemagintzako puntako ekoiztetxe, zinemagile eta atletak dira film horietako protagonistak, eta denetariko gaitegiak jorratu dira: alpinismoa, kirola eta abentura, natura, mendiko kultura, esplorazioa, eskalada…

Sarrerak, saioko 5€an, martxoak 1 ostegunetik eskaini dira Leidorreko leihatila ordutegian.