Mendi Tourraren 10. edizioa Tolosan

Tolosako Udala
2020/03/04 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Guztira 7 film eskainiko dira martxoaren 9 eta 11 bitartean Leidorren: ‘Cholitas’, ‘Treeline’, ‘Manaslu’, ‘Harria Herria’… mendiko pelikula bikainekin osatuko da programazioa, BBK Mendi Film Bilbao – Bizkaia zinemaldiko ale onenekin.

  • Tolosako Udala mendi film laburren lehiaketako irabazle nagusia Alex Areizaga Albisuak izan da “Sartaldera” lanarekin eta Tolosaldeko egitletza duen lan onenaren saria Iñaki Alonsok eskuratu du “Uzturreko ezkutalekua” film laburrarekin.

Tolosako Mendi Tourraren 10. edizioa, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko pelikula onenak erakusten dituen zikloa, martxoren 9-10-11ean burutuko da.

10. edizioa du aurten Mendi Tourrak Tolosan. Lehen Mendi Tour ekitaldia izan zen, aitzindaria. Eta hastapenetatik izan da Mendi Tourrik jendetsuenetakoa ere. Iaz 1600 ikuslek gozatu zuten Mendi Tourraz, eguneko 500 ikusletik gora bildu ziren Leidorren, zinea ikusteko, mendiko zinemaz gozatzeko. Tolosan mendiko kultura oso bizi dago.

Tolosako Udalak, Kirol eta Kultura departamentuen bidez, babestu du, beste behin Leidorren egingo den Mendi Tourra, eta orain arteko edizio guztietan bezala, bidaide fidela du babesletza horretan, TolosaGasa.

Tolosako Udalak, hain zuzen, aurten ere deitu du mendiko gaien inguruko film laburren lehiaketa. Zortzi lan aurkeztu dira eta hauek bi sariak:

  • Sari Nagusia: Alex Areizaga Albisuren “Sartaldera”.

  • Tolosako egiletza duen lan onena: Iñaki Alonsoren “Uzturreko ezkutalekua”

Guztira, aurtengo 10. edizio honetan 7 film ikusi ahal izango dira:

  • Bilbon Sari Nagusia irabazitako Treeline pelikula hunkigarria.

  • Epaimahaiaren Saria eta jendearen maitasuna irabazi zituen Cholitas Boliviako emakume mendizaleen istorioa.

  • Bilbon Ikusleen Saria jaso zuen Manaslu, Eskaladako Film Onena.

  • Reuben Krabbe argazkilariaren erronka itzela kontatzen duen Film Labur Onenaren saria irabazitako Nebula.

  • Home, Sarah Outen britainiar gaztea munduari itzulia ematen, bizikletaz, kayakean eta arraunean, Kirola eta Abentura Film Onena

  • Euskal kultura eta dantza bertikala uztartzen dituen Harria Herria film poetikoa.

  • Eta Eskalada Jasangarria Gipuzkoan film laburra.

Filmak jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira, azpidatziekin lagunduta, eta saioak Mendi Filmeko ordezkariek aurkeztuko dituzte, pelikulei eta Mendi Film zinemaldiari buruzko xehetasunak emanez, eta mendi zinemarekiko pasioa elkarbanatuz bertaratzen diren ikusleekin.

Argazki erakusketa: Beneath the Ice (Izotz Azpian), Chistian Pondella

Mendi Tourraren eskutik, Leidorko sarreran ‘Beneath the Ice’ (Izotz Azpian) argazki erakusketako tamaina handiko panelak daude ikusgai. Christian Pondella abentura argazkilariaren lana da, Groenlandiako izotz eremuko barrunbeetara eginiko bidaia-espedizioaren argazki itzelak.

Pondellaren ibilbide profesionala sekulakoa da. Iaz, CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketan Mendi Film Kartela Saria irabazi zuen ‘Top of Africa’ lanarekin. ‘Beneath the Ice’ erakusketa 2019ko abenduan Bilboko Metroko geltokietan egon zen ikusgai, eta Pondella bera izan zen haren luxuzko gidaria. Harrez gero, erakusketa hau ez da beste inon ikusi ahal izan, beraz Tolosakoa aukera paregabea da argazkilari estatubatuarraren lana miresteko.